Ikasturteari hasiera ofiziala eman zion atzo Uned-ek Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Ekitaldian izan ziren: Bergarako alkatea, Elena Lete; Gipuzkoako ahaldun nagusia, Markel Olano; Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburua, Kristina Uriarte; Ander Aizpurua, Kutxabankeko zuzendaria, Eusko Ikaskuntzako presidentea, Iñaki Dorronsoro. Baita Uned-eko ordezkariak ere: Uned-Bergarako zuzendari Iñaki Esparza eta Uned-eko antolamendu akademiko eta kalitateko errektoreorde Nuria Carriedo.
Eraikin berrian
Bergarak eta Uned-ek urteetan duten harremana gogora araziz hasi zuen ekitaldia Bergarako alkateak eta aurrerantzean ere hala izateko nahia ere adierazi zuen. "Eraikinean lanak egin dira, eraberritu egin da eta eraikin berritu horretan hasiko dute ikasturte berria. Horixe izan da oraingo erronka eta hemendik aurrera erronka berriei egin beharko diegu aurre", adierazi zuen ekitaldiaren amaieran.
Segidan, Eusko Ikaskuntzako presidenteak, Iñaki Dorronsorok eman zuen ikasturte hasierako hitzaldia, Geroa Elkar-Ekin. Erakunde horrek 100 urte bete ditu aurten eta historiaren errepasoa egin zuen, tartean Uned.ekin izan duten harremana. Mendearen ospakizun ekitaldia azaroaren 24an Oñatin egingo dutela ere aipatu zuen.
Nuria Carriedok ere eraikinean egindako lanak aipatu zituen hitza hartu zuenean eta zoriondu ekitaldian diploma jaso zuten ikasleek: "Esfortzu handia egin dute. Ez eurek bakarrik, baita familiak ere, euren lan eta esfortzu hori ingurukoek ere bizitzen dutelako. Sekulako poza ematen dit ikasleak diploma jasotzen ikusteak. Batez ere adinekoak badira. Tokatu izan zait 80 urteko emakume bati berak egindako ikasketen ziurtagiria ematea". Urrutiko unibertsitatea izan arren, ikasleak gertu sentiarazteko baliabideak eta tresnak ere badituztela gaineratu zuen: "Urruti egon daiteke eraikina bera, baina etxeko ordenagailua eta telefono mugikorrean ere badago; ikasleen ondoan ere badago. Arrazoi bategatik edo besteagatik desplazatu ezin den jendearengana heldu gura dugu, ikasten jarrai dezan, eta horretan jarraituko dugu". Egiten duten lana erakundeen laguntzarik gabe egitea ezinezkoa izango zela ere esan zuen.
Kutxabankeko Ander Aizpuruak ere horixe nabarmendu gura izan zuen eta baita Iñaki Esparzak ere, Uned-Bergarako zuzendariak: "Esan dezakegu gazteak ikasle profesionalak direla, euren zeregina ikastea da. Baina badaude lanbide bat, bizimodu bat izan eta ikasten jarraitu gura dutenak ere eta horiendako da gure eskaintza. Profesional onak ditugu erakusten zein administrazio lanak egiten eta ahalik eta eskaintza onena ematea da gure nahia". Segidan, Eusko Ikaskuntzako presidenteak, Iñaki Dorronsorok eman zuen ikasturte hasierako hitzaldia, Geroa Elkar-Ekin. Erakunde horrek 100 urte bete ditu aurten eta historiaren errepasoa egin zuen, tartean Uned.ekin izan duten harremana. Mendearen ospakizun ekitaldia azaroaren 24an Oñatin egingo dutela ere aipatu zuen.
Erantzunen beharra
Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburuak ere, Kristina Uriartek, online ematen diren hezkuntza aukeren inguruan erreflexionatzeko eskatu zuen: "Gela fisikora joan ezin baina ikasi gura duten herritarrendako oso aukera ona dira sarean dauden kurtsoak edo ikasketak".
Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bestalde, gizartean egunerokotasunean dauden arazo ezberdinei erantzunak emateko "herritar kritikoak" behar direla aipatu zuen: "Gizartea konplikatzen ari dela ikusten dugu eta garbi dago tentazioa dagoela erantzun errazak emateko arazo konplexuei. Horrek arazoa ez duela konpontzen ere danok dakigu, nahastu egiten dituela. Gizartean ditugun arazo horiei erantzuteko behar beharrezkoak ditugu sistematikoki ezagutzan, zientzian eta arrazoian oinarritutako bideak jorratzea eta bigarrena da gizartearekin erakunde publikoek elkarlana jorratzea. Eta arlo horretan Uned-ek paper garrantzitsua du, herritar kritikoak behar ditugulako eta unibertsitateak bidea ematen digulako herritarroi zein erakundeoi hemendik aurrerako pausuak emateko".
Ikasturte berriari hasiera eman zion ekitaldian diploma jaso zuten ikasketak bukatu dituzten hainbat ikaslek eta amaieran Bergarako musik eskolako soka taldeak hiruzpalau pieza jo zituen.