Onddoa akabatzea helburu duen estrategia

Eneko Azurmendi 2018ko urr. 26a, 11:51

'Lecanosticta acicola' onddoak kaltetuta dagoen pinudi bat.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek eta Eusko Jaurlaritzak "konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia" diseinatu dute, azkenaldian intsinis pinua erasotzen ari den 'Lecanosticta acicola' izeneko onddoari aurre egiteko helburuarekin.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, euskal basogintzaren sektorearen aldeko manifestu instituzional bat sinatzeaz gain, pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat abiarazi dute, "konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategiaren" barruan.

Estrategia honek hiru jardun esparru nagusi ditu: pinuaren gaitzari eta horrek hiru lurraldeetako baso eremuetan eragiten dituen kalteei buruzko ezagutza sortzea; gaitzari aurre egiteko neurriak zehaztea; eta sektorea berreskuratzea.

Lehen jardunari dagokionez, batetik, eremu kaltetuak eta gaixotasunaren garapena neurtuko dituzte, azalerak kalte mailaren arabera sailkatu, eta eritasunak dituen jokabidea, zikloa eta moztu ondoren irauteko gaitasuna aztertuko dituzte. Bestetik, mendian tratamendu desberdinak modu esperimentalean aplikatu, beste leku batzuetako praktika arrakastatsuak identifikatu eta adituekin informazioa trukatuko dute. Horrez gain, ikerketa eta informazio bilketa egingo dute produktuak, dosiak eta tratamendua egiteko momentuak definitzeko helburuz. Halaber, aldagai klimatikoek gaixotasuna zabaltzen izan dezaketen eragina ere aztertuko dute.

Gaitzari aurre egiteko neurrien bidez erantzun bat eman nahi diete haren prebentzioari, tratamenduari eta tratamenduaren aplikazioari loturiko gaiei, eta alternatibak bilatu nahi dituzte. Hala, oxido kuprosoa erabiliz aireko tratamendua egiteko baimen bereziak tramitatzen ari dira, emaitza onak lortu dira-eta beste zenbait lekutan, hemengo pinuei erasotu dien onddoaren antzekoen aurkako tratamenduekin. Era berean, gaixotasunarekiko erresistenteak diren landareak inportatuko dituzte, foru laguntzen planetan prebentzio neurriak indartuko dira, eta halako kasuetan gomendatzen diren basogintzako praktikak bilduko dituen gida bat ere prestatuko dute. Bestalde, foru laguntzen planak indartuko dituzte larri kaltetutako masak mozteko eta basoberritzeko.

Sektorea berreskuratzeari erreparatuz, gaixotasunarekiko erresistenteak eta sektorearentzat merkataritzaren ikuspuntutik interesekoak diren espezieak identifikatuko dituzte, eta horiekin esperimentatu. Gainera, gaitzak jotako landaketak moztu eta espezie erresistenteekin basoberritzea sustatzeko basogintzako laguntzak indartuko dituzte, besteak beste.

Gaitza, bere horretan

Fermin Lezeta basozainak azaldu duenez, gaitzak ez du okerrera egin. "Orain, gehiago hozten du gauetan eta ez da gehiago hedatu". Konponbideari dagokionez, zail ikusten du. "Orain, negua dator eta, hotz egingo balu, hobe izango litzateke. Baina aldaketa klimatikoa dela eta, hotz falta daukagu. Ez dakit azkenean tratamendurik onena hotza ez ote litzatekeen izango".

EHNEren oharra

Gai horren harira ohar bat kaleratu du Gipuzkoako EHNE sindikatuak. "Basoak gaixo ditugu eta herri bezala arazo larri bat daukagu. Hori dela medio, denek, erakunde ezberdinek, administrazioak, gobernuak, parte hartu behar dute soluziobideak planteatzeko". Hainbat neurri proposatzen dituzte, besteak beste, hauek: "kaltetutako basoen mailaketa egitea larrienetik osasuntsuen dagoenera, mozketak lehenesteko; baso lanetan ari diren talde eta azpiegitura gehiago behar badira, haiek martxan jartzeko bideak jorratzea, ikerketa sustatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak