Interneten nabigatzeko modua aldatu egin da. Goiena.eus-eko irakurleen %60 mugikor bidez sartzen dira, eta joera goranzkoa da. Horregatik, aurreko diseinuetan ez bezala, oraingoa smartphoneetarako pentsatu da, eta hortik abiatuta egokitu da ordenagailu eta tableta formatuetara. Webgune berria hainbat hilabetean elkarlanean egindako lanketa baten emaitza da. Behar berriak identifikatu ostean, CodeSyntaxeko, Goienako eta Tokikomeko hainbat kidek elkarlanean egin dituzte webgune berrirako urratsak. Izan ere, berrikuntza Tokikom plataformaren baitan gauzatu da.
Hasierako orriaren pisua arindu nahi izan da, karga denborak azkarragoak izan daitezen. Mugikorrak kontsumo denborak murriztea ekartzen du; erabiltzaileek azkartasuna bilatzen dute; horregatik, begiratu batean informazio gehiago erakusten da orain; hala, irakurleak, interesatzen zaizkien gaiak azalean identifikatu ostean, albiste horietara sartu daitezen. Irudiek indar handiagoa hartzen dute eta testu gutxiago dago azalean. Bestalde, bideoak ez dira hasierako orrian kargatuko; albistearen orrialdean erreproduzituko dira. Horri esker, azalaren karga arintzea lortzen da.
Ordenagailuko bistan, orain arteko zutabe erako antolaketa ordezkatu egin dute. Diseinua horizontalagoa da; izan ere, azala ezkerretik eskuinera doazen bloke bidez egituratzen da.
Berrikuntzak
Azalean egindako aldaketak ez ezik, herri eta gaietako orrialdeak ere eguneratu dituzte. Goiena telebistaren orrialdeak nahieran estiloa hartu du. Baita Arrasate Irratiak ere. Bestalde, komunitateak itxura modernoagoa dauka; kideei presentzia handiagoa eman zaie, parte-hartzea saritzeko. Argazki galeriek interes handia pizten dute, eta horiek erakusteko era aldatu egin dute, bildumak erosoago ikusteko.
15 urte Interneten
2003ko azaroan jaio zen Goienaren Interneteko ataria, duela hamabost urte. Helburuak –besteak beste, unean uneko informazioa euskaraz eskaintzea– ez dira aldatu, baina teknologian eta gizartean gertatu diren aldaketetara egokitzen jakin du webguneak bere sorreraz geroztik. 2010ean, multimedia izan zen erronka nagusia, eta webguneak berrikuntza prozesua bizi izan zuen, behar horiei erantzuteko. Horri esker, Goiena.eus artikulu, argazki galeria eta bideoekin osatzen da; azken biek presentzia handia dute.
Orain, erronka berria mugikor bidezko trafikoa da, eta webguneak horri erantzuten dio.