Azaroaren 23ra bitartean formazio saioak eskainiko dituzte herriz herri. "Rolak zer diren ondo azaltzeaz gain, ariketa soziala nola egingo den ikusteko praktika txiki batzuk ere egingo ditugu. Edozein ahalegin egin aurretik, prestakuntza ona edukitzea komenigarria izaten da, eta guk ere hori egingo dugu, Euskaraldiko lehen egunera iritsi aurretik, giharrak landu, eta ekimenera segurtasunez iristeko. Beraz, herritarrak animatzen ditugu saio horietan parte hartzera", adierazi du Mari Karmen Arrietak, Eskoriatzako Euskaraldia batzordekideak.
Herri bakoitzeko batzordeak egutegi bat jarriko du, saio horien eguna eta ordua zehaztuz. "Saiatuko gara ordutegi aldetik malguak izaten, jendeak etortzeko aukera izan dezan. Herri bakoitzak modu desberdin batean funtzionatuko du, beraz, adi egon daitezela herritarrak", dio Arrietak.
Gazteei eta adin nagusikoei deialdi berezia
Orain arte izena eman dutenen artean, bereziki gazteak eta adin nagusikoak faltan bota dituzte batzordekideek. Hori dela eta, deialdi berezia egin nahi izan diete.
Izena eman aurreko pausoak
Izena eman aurretik ondo pentsatzeko gomendioa egin diete herritarrei. "Garrantzitsua da izena eman aurretik jakitea ariketa zertan datzan, zer den ahobizi izatea eta zer den belarriprest izatea, eta ze konpromiso eskatzen duen bakoitzak. Beraz, lehenengo informatu; gero behatu gure egunerokotasunean ditugun hizkuntza ohiturak zeintzuk diren, eta horren arabera, konpromisoa hartu", zehaztu du Iker Agirrek, Arrasateko Euskaraldia batzordekideak.
Honekin lotuta, dagoeneko izena eman duten horiei rolak aldatzeko aukera eskainiko diete. "Orain arteko saioetan konturatu gara batzuek agian ez dutela ondo ulertu rol bakoitzaren zeregina, edota gero konturatu direla beste rolean erosoago egongo direla. Beraz, aldatzeko aukera izango dute", nabarmendu du Arrietak.