Boluntario lanak egin ditzaketela aldarrikatuz

Eneko Azurmendi 2018ko urr. 11a, 12:14

Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, kanpaina berria abiarazi du; Gure txanda da lelopean, adimen desgaitasuna dutenek boluntario lanak egin ditzaketela ikusarazi gura dute kanpaina honekin.

Urtero egiten du kanpaina bat Atzegik, eta aurten boluntario lanei heltzea erabaki dute. "Orain arte, Atzegik eta adimen urritasuna duten pertsonek beti boluntario lanetan ari izan direnen laguntza behar izan dute edozein gauza egiteko, boluntario jendeaz inguratuta egon dira. Orain, horri buelta eman nahi diogu, eta eurak jarri nahi ditugu boluntario lanak egiten, erakusteko haiek ere egin ditzaketela boluntario lanak", azaldu du Jokin Antxiak, Atzegi elkartearen Debagoieneko ordezkariak.

Gaineratu du azken urtean boluntario lana asko gehitu dela, eta lan hauek behar dituzten proba edo ekintzen zerrenda nahiko luzea dela. "Hori aprobetxatu gura izan dugu gai honi heltzeko", dio Antxiak.

Orain arte, kirol proba edo ekintza ezberdinetan aritu izan dira boluntario lanak egiten; Behobia-Donostian, Ehun Milietan eta hainbat herritako San Silvestre lasterketetan, edota elikagai bankuekin. Debagoienean boluntariotzari lotutako esperientzia bakarra izan dute, oraingoz. Izan ere, iaz Oñatiko Kilometroak jaialdian aritu ziren zenbait lan egiten.

Hala, helburu bikoitza dauka aurtengo kanpainak: batetik, gizarteari erakustea adimen urritasuna duten pertsonek boluntario lanak egin ditzaketela, eta horrekin inklusio soziala bermatzea. Eta bestetik, elkarte, eragile eta gainontzeko taldeei deialdia egitea pertsona hauei aukera eman diezaioten lan hauek egiteko. "Gura duguna da bailaran ekintza ezberdinak antolatzen dituzten kirol elkarteekin edo ikastetxeekin harremanetan jartzea, eta boluntarioak behar badituzte, guk baditugula jakinaraztea".

Laguntzeko nahia

Atzegi Gipuzkoa mailako elkartea da, eta kanpainaren aurkezpen ofiziala urriaren 3an egin zuten arren, orain, bailaraz bailara aurkezten ere ari dira.

Josean Idoeta Atzegiko presidenteak azaldu du kanpaina hau oso garrantzitsua dela. "Haiek ere haien etorkizuna lantzeko gogoa erakusten dute. Pertsonalki haien eskaerak aurkeztu nahi dituzte eta laguntza jaso beharrean, laguntza eman egin nahi dute. Hori oso aurrerapauso handia dela iruditzen zait, bai haientzako, bai elkartearentzako, eta baita gizartearentzako ere. Denoi gustatzen zaigu laguntzea, eta haiei ere bai, noski. Laguntzeko nahia eskaintzen ari gara haien izenean, eta hori oso garrantzitsua da", azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak