Aretxabaletako tomatea izan da protagonista, eta horren gaineko argibideak emateko gertu izan dira Aleka elkarteko ordezkariak; haziak ere saldu dituzte horiek, tomate mota askoren haziak. Tomatea erosi gura izan dutenak argi ibili dira, eta laster agortu dira horiek. "Eguraldiak ez du lagundu eta tomate gutxi dago aurten. Negutegietan hobeto baina bestela…", zioten ekoizleek. Tomateari laguntzeko txakolina, gazta eta beste produktu batzuk ere izan dira.
Tabernek mokaduak eskaini dituzte eta elkarteek zopa hotza. Ibai-Gain eta Urkulu batzokia elkarteak bakarrik aurkeztu dira zopa hotzaren lehiaketara, eta biak saritzea erabaki dute antolatzaileek. Herritarrek gustura probatu dituzte gero: "Batek espezie gehiago duela dirudi, eta bestea naturalagoa da… Baina biak ala biak daude ederrak".
Jakoba Errekondo ere gerturatu da azokara, eta herritarren zalantzak argitzen saiatu da.
Antolatzaileak pozik
Debagoieneko Landa Garapeneko eta Mankomunitateko ordezkariak, pozik zeuden goizak emandakoarekin: "Balorazio bat egiteko goiz da oraindik, baina uste dut asmatu dugula". Orain arte San Migel jaien barruan egiten den azoka ekologikoan izan du lekutxo bat Aretxabaletako tomateak, baina aurten protagonismo berezia eman gura izan diote aste osoa eskainita.