2016-2017 ikasturtean jarri zen abian proiektua. "Bi urte daramatzagu guztion artean proiektu pedagogiko berritzaile bat eraikitzen, eta hausnarketa fasean, behar beharrezkoa ikusi genuen gure espazioen berrikuntzan murgiltzea. Hori dela eta, erabaki genuen ekimen berezi bat antolatzea, prozesu parte-hartzaile baten bitartez, eta gure komunitate osoa inplikatzea: ikasleak, irakasleak, eta langileak, bere osotasunean", azaldu du Begoña Pedrosak, MU-ko Humanitate Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak.
Pedrosaren esanetan, etorkizuneko profesionalen hezkuntza izan da proiektuaren oinarria, eta espazio berria horretarako plataforma gisa ikusten du. "Proiektu pedagogiko sendo bat izateko, inportantea da espazio berritzaileak egokituak izatea, koherentzia hori bermatzeko".
Hiru eginbehar
Batetik, 1976an altxatutako Dorleta eraikuntza birmoldatuko dute, eta eraikin horri itsatsita, beste eraikin bat egingo dute hegoaldeko fatxadan, 5,6 metro zabalekoa. Hondartza kontzeptua baliatuta, espazio ireki, moldagarri eta balioanitzak sortuko dituzte hor.
Bestetik, Dorleta eraikinaren ondoan beste eraikin bat egingo dute, 1880 metro karratu dituena, eta solairu bakarrekoa.
Azkenik, eraikinaren ingurunea ere berregituratuko dute. "Saiatuko gara proiektu honetako espazioak izatea Huheziko proiektu pedagogikoaren lagungarri, baina ez bakarrik Huheziko langile, ikasle eta irakasleentzat, baita herritarrentzat eta bestelako eragileentzat ere", adierazi du Itziar Imazek, proiektuko arkitektoetako batek.
Alkatea gustura
Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea eskertuta eta gustura azaldu da proiektuaren emaitzarekin. "Eskertzekoa da MU bezalako entitate bat gurekin harremanetan jarri eta bere proiektuan parte hartzeko aukera ematea. Huhezi herriko zutabe garrantzitsuenetariko bat da, eta Europa mailan punta-puntako proiektu bat izan daitekeen proiektu bat Eskoriatzan izatea harro egoteko modukoa da".
Lanak, urtarrilean
Berritze lanak 2019ko urtarrilean hasiko dituzte, eta 2020-2021 ikasturterako bukatuta egotea aurreikusten dute. "Lanek irauten duten trantsizio epe horretarako aukera ezberdinak aztertzen ari gara. Eraikin nagusian berrantolaketa bat egin beharko dugu eta, horrez gain, beste espazio batzuk ere baliatu beharko ditugu, baina oraindik ez dugu ezer zehaztuta", adierazi du dekanoak.
Proiektuak sei milioi euroko aurrekontua izango du.