Eskoriatzatik eta Otxandiotik oinez Gatzagako jaietara

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ira. 6a, 16:20

Gatz Bidia egiten hasi aurretik Gatz museoan batutakoak.

Leintz Lotzen ekimeneko kideek sustatuta, Eskoriatzako plazatik 10:00etan abiatuko dira hainbat lagun Gatz Bidia eginaz, Leintz Gatzagara. Eskoriatzarrez gain, urtero moduan, Otxandiokoak ere izango dira jaietan.

Mende askotako ohiturari jarraituz, Nafarroatik, Leintz bailaratik, Arabatik, Bizkaitik eta Otxandiotik, urtero, irailaren 8an, Dorletako Amaren egunean, oinezko erromesak joan izan dira Dorletako Santutegiraino. Otxandiok eta Leintz Gatzagak azkenengo mendeetan hartueman berezia mantendu dute urtero-urtero, etenik gabe, eta aurten, Eskoriatzatik ere hainbat lagun batzea eta Gatzagara Gatz Bidia eginaz igotzea da asmoa.

Gatz Bidia ezagutzeko asmotan

Leintz Lotzen ekimeneko kideek sustatuta, Eskoriatzako plazatik 10:00etan abiatuko dira hainbat lagun Gatz Bidia eginaz –PR 100–. Asmoa PR-100 bidearen konponketa aldarrikatzea izango da, ezagutzen ez dutenek bide hori ezagutzea eta erakundeei eskatzea Eskoriatzatik Gatzagara, oinez, errepidea zapaldu gabe joan ahal izatea. Honela adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Lotzen ekimeneko kideak: "Erlazio ona izan dugu beti eskoriatzarrekin, Otxandiokoekin moduan. Hala ere, errepidetik ez bada, ezin dira gaur egun Gatzagaraino igo, eta Gatz Bidia errekuperatzeko eta behar bezala jartzeko antolatu dugu ekimen hau. Hala, 4 edo 5 pertsona gidari moduan irtengo dira Eskoriatzatik, ezagutzen ez dutenei bidea erakusteko. Horretarako, auzolanean ahal izan dugun neurrian bidea ondo utzi ostean, ordu eta erdiko bide ederraz disfrutatzeko aukera izango dute animatzen direnek".

11:30 aldera iritsiko dira Eskoriatzatik zein Otxandiotik irtengo direnak, eta ordu horretan harrera egingo zaie Gatzagako plazan; salda eta pintxoak jarriko dizkiete gatzagarrek, ongietorria egiteko.

Sentsibilizazio jolasak

Kirol Egokituen Federazioaren erronka-jolasa izango da mokadutxoa jan ostean. Urritasunen bat daukan jendearen azalean jartzeko sentsibilizazio jolasak egingo dira, talde erronka batzuk gaindituz egin beharko direnak. Hala, Eskoriatzatik doazenek hausnarketa horren beroketa lanak ere ibilbidean zehar egingo dituztela adierazi dute antolatzaileek.

Festak elkarrekin disfrutatuz

Bazkaritarako paella-jana izango da, eta bertan geratzeko gonbidapena ere egingo diete gatzarrek bertaratzen direnei. Arratsaldean, bestalde, kintoen arteko jolasetan ere hartuko dute parte Otxandiokoek. Azken urteetan arrakasta izan duen ekintza da, eta aurten ere aurreko urtetakoa edo hobea izatea da asmoa. Dantzarien arteko desafioa ere izango dute, aurresku eta ezpata dantza lehiaketa egingo baitute. Honekin batera, hainbat euskal joko egingo dituzte, eta ilundu aurretik erromesak agurtuko dituzte txalo zaparrada artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak