Oposizioetan filtrazioak izan direla eta hori normalizatuta dagoela salatu duzue...
Macho: Robertok eta biok aspalditik ezagutzen genuen funtzionamendua. Ospitaleetan guztiz barneratuta dago. Ospitalean denek dakiten zerbait da. Oposizioak deitu aurretik, gaiaren inguruan berba egin genuen, eta, ESK sindikatuaren laguntzarekin, konpromiso moralagatik, zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Horregatik, Arartekora eta fiskaltzara joan ginen egoera salatzeko. Baina aurtengo azterketen gainean ez zutenez datu zehatzik, artxibatuta utzi zuten. Hori dela eta, frogen bila hasi ginen. Hala ere, dena zantzuak dira, eta, oraingoz, ez dugu froga egiaztagarririk. Makillatu eta ezkutatu nahi bada ere, guk egunero ikusten dugun zerbait da.
Martinez: Ni duela urtebete etorri nintzen Euskadira, eta astebetera jada banekien zer gertatzen ari zen. Lanean hasi aurretik, zurrumurruak entzun nituen, baina, ospitalean hasi bezain laster, gauzak horrela zirela egiaztatu zidaten. Osakidetzan plaza bat lortzeko modua zein den denek dute barneratuta, eta hau ezin daiteke gizarte demokratiko eta moderno batean onartu.
Zer dela eta erabaki duzue aurpegia ematea?
Macho: Gure bila ari ziren. Barne ikerketa gu seinalatzeko modu bat izan zen. Ez dugu arazorik hemen gaudela esateko, honek guztiak lehertzea denbora kontua zen, azkenean. Gainera, hasieratik, sindikatuaren, Elkarrekin Podemosen, prentsaren eta langileen babesa jaso dugu. Mezu anonimo ugari jaso ditugu, ez da-eta erraza, langileendako, aurpegia ematea. Hori ere ulertzen dugu. Batzuek beldurragatik eta beste batzuek, eroso daudelako edo sistemarekin ados daudelako. Medikuntzaren arlotik kanpo babes osoa dugula sentitu dugu. Honek ezin duela horrela jarraitu eskatzen du jendeak.
Martinez: Potea ireki da eta orain guztia irteten ari da. Normala da jendeak gurdira igo nahi izatea. Hala ere, ez dago gure moduan aurpegia eman nahi duenik. Zaila dela ulertzen dut. Guk, hasieratik, bagenekien ez zela doan izango eta ondorioak egongo zirela. Robertori eta Martari alde batera gelditzeko ere esan nien, ni ez naizelako bertakoa eta errazago alde egin dezakedalako. Eurak familia dute hemen, eta ausardia puntu handiagoa dakar horrek. Hasieratik argi geneukan ez genuela beldurrik, eta horregatik jo genuen aurrera. Osakidetzako mediku gehienek aurpegia emateko beldurra dute.
Espezialitate gehiagotan ustezko iruzurra gertatu delako zalantzan jarri dituzte oposizioetako azterketak. Ez zaituzte ezustekoan harrapatu, beraz...
Martinez: Azterketa guztien emaitzak ikusita, banaketa ez dela normala ondorioztatu lezake matematiketan ezagutza urria duen edozeinek. HAEEk (IVAP) kontrolaturiko azterketa zatian ere filtrazioak egon diren zantzuak daude. Makillaje kaskarra egin dute, gainera. Test moduko galderetan filtrazioak egon diren zantzuak daude. Eta azterketaren bigarren zatiak ez du kontrolik, epaimahaiak erabakitzen due- lako osotasunean, eta haiek nahi dutenek bakarrik gainditzen dute.
Macho: Zein plaza emango diren erabakitze horrek ez dakigun oinarri bat izan beharko luke. Agian ez delako nahi kanpoko medikurik etortzea edo zerbitzu batzuetan antzinatasuna bakarrik lehenetsi nahi delako. Euskara ez jakitea ere aitzakia moduan erabiltzen dute sarritan. Euskara maila izatea ez da plaza lortzeko ezinbesteko ezaugarria, aitzakia moduan erabiltzen dute. Antzinatasun gehien dutenak, normalean, euskara gutxiago dakitenak izaten direlako, eta oposizioetan merituen atalera iristea ia ezinezkoa delako, agintean daudenek nahi dutenek bakarrik gainditzen dutelako lehen azterketa. Eurek kontrolatzen dute zehatz ospitalean nor sartuko den eta nor ez. Azkenean, plaza ateratzen dutenak zuzendaritzen posizioen alde daudenak dira.
"Iruzurra egitea" leporatzen dizuete, eta Fiskaltzara joko du Osaki- detzak...
Macho: Bagenekien horrelako zerbait gertatuko zela, eta ez dugu beldurrik. Arrazoia dugula uste dugu. Egia gure alde dagoela uste dugu, eta gertatzen ari dena kontatzen ari gara, beste barik. Kontratazio sistema da kontua, eta ez da justua. Hori salatu egin behar dugu. Ados ez dagoena sistematik kanpo utzi dezakete, gainera, eta hori ez da ez justua, ezta legala ere.
Martinez: Orain, eurak urduri daude. Beldurra sartu nahi digute, baina Fiskaltzara eramango gaituzten mehatxuak ez digu beldurrik ematen. Guk aspaldi egin genuen berba Fiskaltzarekin, eta testigu moduan gaude bertan, ez ikertu moduan. Gure akzioa ezin zela ondorio barik gelditu ere adierazi zuten, eta hedabide batzuetan ez ginela inor ere entzun izan dugu. Gutxietsi egin nahi gaituzte, eta pelikulako gaiztoak gu garela saldu nahi dute.