2017ko Errentaren kanpainan, 266 milioi euro itzuli eta 244 milioi euro jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hala, 22 milioi euroko emaitza negatiboarekin itxi du urtea eta 2016ko kanpainarekin alderatuz, emaitza negatiboa 30 milioi eurotan murriztu da. Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Jabier Larrañagak kanpaina "oso ona" izan dela adierazi du emaitzen aurkezpenean, eta hobekuntzaren arrazoia, ekonomiaren bilakaera positiboan dagoela gaineratu. Era berean, azpimarratu du Aldundiak legealdi hasieratik eman diola garrantzia ekonomiaren sustapenari eta zenbakiek arrazoia ematen dietela. "Ikusten dugu emaitza positibo hauek ahalbideratuko dutela gure ongizate maila eusten, zaintzen eta horretan lanean segitzen", esan du foru diputatuak.
2.789 aitorpen gehiago
377.389 aitorpen inguru aurkeztu dira aurten, iaz baino ia 2.798 gehiago. krisi garaiko beherakaden ostean, errenta aurkezten duten zergadunen kopuruak gora egiten duen bigarren urtea izan da, eta foru ordezkarien esanetan, hori ere ekonomiaren suspertzearen adierazle da. Larrañagaren esanetan, hobekuntza onuragarria izango da ongizate mailarendako, eta erronka, orain, ongizate mailari eusteko zer egin definitzea da. "Ez dakigu noiz eta ez dakigu zergatik, baina haizea berriz ere aldatu egingo da, eta orain aprobetxatu behar dugu erakunde moduan gure ahalmenak zaintzeko eta hobetzeko, eta baita gure ongizate maila egonkortzeko ere", adierazi du Larrañagak. Zentzu horretan, iragarri du etorkizuneko gizarte eredua definitzeko hausnarketa prozesua bat jarriko dela aurki martxan.
2017ko kanpainaren xehetasunetan sartuta, aurkeztu diren aitorpenetatik 260.654tan itzultzea izan da emaitza, aurreko urtean baino 4.416 gutxiagotan; eta bataz beste, 1.020 euro jaso dituzte. 116.735 aitorpenetan ordaintzea izan da emaitza 2016an baino 7.214 gehiagotan; kasu horretan, zergadun bakoitzak 2.092 euro ordaindu behar izan ditu.
213.680 aitorpen autolikidazio proposamen bidez onartu dira eta aitorpen mekanizatuak 73.135 izan dira. 90.574 aitorpen internet bidez aurkeztu dira.
Ondarearen gaineko zerga
Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, ogasunak 74,5 milioi euro jaso ditu, aurreko urtean baino 10,2 milioi euro gehiago. Ogasuneko foru zuzendari Jokin Peronaren esanetan, gorakada nabarmena izan da, 2016an baino %16 gehiago. Zerga honen inoizko kanpainarik onena izan da: 7.749 aitorpen aurkeztu dira eta batez beste, 9.620 euroko ekarpena egin dute. Aitortzaile kopuruak eta batez beste ordaindutakoak, biek egin dute gora aurreko urtearekin alderatuta.
Zerga Kudeaketako zuzendariorde Yolanda Dominguezek, bere aldetik, ogasuneko langileen lan ona txalotu du, eta modu positiboan baloratu du Zergabidea laguntza programaren bertsio berriaren funtzionamendua. Iragarri du, era berean, Gipuzkoako Foru aldundia izango dela datorren urtean zerga guztiak lainoan izango dituen Estatuko administrazio bakarra.