Ekonomiaren iazko bilakaeraren eta 2018rako aurreikuspenen berri eman du Laboral Kutxak. Bilbon egin dute aurkezpena, Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendari Joseba Madariagak eta Negozio Garapenerako zuzendari Xabier Egibarrek.
Bertan esan dute munduko ekonomiak bilakaera positiboa izan zuela 2017an, %3,8ko hazkundearekin. Eta gurera etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinak %2,9 egin zuen gora iaz; horren ondorioz, lan merkatuaren bilakaera positiboa izan zen Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban.
Hala, 2017ko txostenak jasotzen duenez, enplegua %0,3 hazi zen EAEn. Gaineratu dute, "adierazgarririk eraginkorrena" den langabezia tasari dagokionez, Laboral Kutxaren txostenak dioela 2017an %11,3koa zela, 2016an baino 1,3 puntu txikiagoa.
Urte bukaerarako aurreikuspena
Laboral Kutxak dio, 2018rako aurreikuspenei dagokienez, hedapen faseak jarraitu egingo duela, urteko bigarren seihilekoan moteltzea espero bada ere. Diote eskura duten informazio ekonomikoaren arabera, %3 inguruko hazkunde-tasak aurreikusten dituztela Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Espainian. 2019an, %2,5 inguruko igoera aurreikusten dute hiru eremu geografikoetan.
Gaineratu dute, Amerikako Estatu Batuetako tasen normalizazio prozesuak gorabeherak sor ditzaketela garatzeko bidean dauden herrialdeetan, eta gogora ekarri dute Europako Banku Zentralak ere diru politikaren norabidea aldatzeari ekin diola; 2019aren bukaeran tasak igotzen has daitezkeela aipatu dute, betiere inflazioaren suspertze bidea arriskuan jartzen ez bada, %2ko mailara iriste aldera.
Baina diote, agian "kezkagarriagoak" direla protekzionismo-bolada eta merkataritza-gerrak. Beste gai batzuk ere aipatu dituzte: migrazio-krisia, Bexita eta horren negoziazio prozesua, Italiako Gobernua eta hainbat auzitan duen jarrera, eta Kataluniaren inguruko gatazka.
2018an defizita %3tik behera kokatuko dela aurreikusten badute ere, zorpetze publikoa oso handia denez, beharrezkoa ikusten duten neurri egokiak bideratzea.