Gipuzkoako autobus-gidarien greba deitu dute sindikatuek

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko uzt. 12a, 09:27

Biharko, uztailak 13, eta etzirako deitu dute greba LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek, patronalarekin zuten aurreakordioa bertan behera gelditu ostean. Uztailaren 20 eta 21erako ere greba egiteko deia luzatu dute.

[AZKEN ORDUKOA 16:40] Autobus-gidarien dietei buruzko akordioa lortu ostean bertan behera geratu da greba.

Uztailak 13 eta 14, eta baita hurrengo asteko egubakoitz eta zapaturako ere greba deitu dute sindikatuek Gipuzkoako autobus-zerbitzuan. Sindikatuek azaldu dutenez, "ekainaren 8an lortutako aurreakordioa hautsi du Abitrans patronalak", eta horregatik bat egin dute LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk, elkarrekin deialdia bultzatzeko.

"Zerbitzu erregularreko gidariek dieta jasotzeko eskubidea izateak atzera bota du patronalak aurreakordioa sinatzerako orduan. Gutxieneko baldintzak betetzea eskatzen dugu", azaldu dute, horrela negoziaketa mahaian parte hartzen duten lau sindikatuek. Horrela, Pesa, Lurraldebus eta Ekialdebus enpresetako langileak egongo dira greba egitera deituta uztaileko lau egun hauetarako.

Zerbitzu minimoak

Erabiltzaileendako, hala ere, Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen zerbitzu minimoak egongo dira ziurtatuta. Zerbitzu horiek, gutxienez, %30ekoak izango direla baieztatu dute Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa sailetik.

Bailarako zerbitzuan ere eragingo du grebak. Izan ere, Lurraldebusek kudeatzen dituen autobus zerbitzuez gain, Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko Herribus zerbitzuek ere greba egingo dute. Hauetan ere zerbitzu minimoak egongo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak