Ibarreko berrikuntza sozialerako oinarria eraikitzen dihardute Bagarak eta Agirre Lehendakaria Centerrek. Eta horixe bera ezagutarazi dute gaurko jardunaldietan. Dena den, horretan geratu barik, nazioarteko zenbait eredu izan dituzte jorragai. "Horiek baliagarri izan dakizkiguke ibarreko berrikuntza sozialerako plataforma eraikitzeko. Gauza interesgarri asko ezagutu ditugu", aitortu du Aritz Otxandianok, Bagarako kideak.
Hain zuzen ere, kooperatibek martxan jarria duten hausnarketa prozesuaren emaitza da berrikuntza sozialarena. Besteak beste, bailarari "ekarpen handiagoa" egin nahian dabiltza horiek. Horretarako, lagungarri lukete berrikuntza sozialaren eredua. "Hainbaten artean, baliagarri da herritarren kezkak eta helburuak ezagutzeko. Horiek, nola ez, eragina lukete kooperatibek bultzatutako etorkizuneko zenbait ekintzetan", argitu du Gorka Espiauk, Agirre Lehendakaria Centerreko kideak.
Hori horrela, bultzatzaileen esanetan, nazioartean erreferente izatera ere hel liteke Debagoiena: "Bailarak izugarrizko aukera du nazioarte mailan erreferente bilakatzeko –berrikuntza sozialean–. Egia da transformazioaren ikur dela, mundu osoko jendea datorrela hemengo eredua ezagutzera. Baina, horrekin ase barik, etorkizuneko transformaziori begira egon behar luke", dio Espiauk. Eta, horretarako, beharrezko litzateke eragile publikoen eta pribatuen arteko elkarlana. Gainera, enpresek eta gisakoek ez ezik, norbanakoek ere aukera lukete ekarpenak egiteko.
Jardunaldiek emandakoarekin, "pozik"
Oro har, jardunaldien bultzatzaileak "pozik" dira egunak eman duenarekin. "Pozik gaude parte hartzearekin. Askotariko eragileak etorri dira –tokiko administrazioak, kooperatibak, ikasketa zentroak...–. Eta nazioarteko esperientzia interesgarri asko ezagutu ditugu. Horiek guztiak izango ditugu baliagarri, geurera moldatuz, beti ere", aitortu du Otxandianok. Beraz, aurrera begira jarriak dira jada.