Mondragonek "modu positiboan" baloratu ditu iazko emaitzak. Esaterako, 2016ko ekitaldia "hobetzea" lortu zuten korporazioko kide diren kooperatibek. Hala argitu du hedabidera bidaliriko prentsa oharrean: "80.818 langile daude guztira, aurreko urtean baino %0,7 gehiago. Horri dagokionez, nabarmentzekoak dira industria alorreko kooperatibak. 2016ko ekitaldian baino 2.691 lanpostu gehiagorekin itxi zuten urtea".
Hala, gaur-gaurkoz, 37.020 langile enplegatu dituzte Mondragoneko kooperatibek. Hain zuzen, 7.000tik gora lirateke azken bost urteetan sorturiko lanpostuak. Eta, horrez aparte, Fagor Etxetresnen krisiak eragindakoari ere egin dio aipamen Mondragonek: "Kooperatibek asmatu egin dute haren itxieraren eraginpeko 1.895 bazkideei enplegu irtenbideak emateko unean; batez ere, birkokapenenaren eta aurretiazko erretiroen bidez".
Salmentek, puntu bateko jaitsiera
Ekonomia datuei erreparatuta, ostera, 2017an puntu bateko jaitsiera izan zuten salmentek –11.280 milioi euro erdietsi zituzten–. Baina, horrekin itsutu barik, eginiko inbertsioan jarri dute mira Mondragonekoek. "451 milioi eurokoa izan zen inbertsio osoa –azken bosturtekoan, 1.963 milioi eurokoa izan da inbertsioa–, diote. Beraz, baikor dira datorren urtera begira, goranzko joera mantentzeko esperantzaz.
Eta, orotara, 233 milioi euroko emaitzak izan dituzte Mondragoneko kooperatibek –2016an baino %9 gutxiago–. "Lehengaien prezioek gora egitearen, euroaren balioa handitzearen eta atzerrian planta berriak irekitzearen ondorio dugu hori", argitu dute.
Patente kopurua
Bestetik, indarrean dituen patente-familia kopurua azpimarratu gura izan du Mondragonek –489 dira orotara–. Haren esanetan, EAEko zifrekin alderatuta, "zinez handia" da kopurua. Are: "Kooperatibek 100 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte Europako I+Gko hainbat programetan. Europako Batzordeak onartuta –eta finantzatuta–, Mondragonen 50 proiektu baino gehiago dira martxan uneotan".
Etorkizunari begira, "baikor"
Hala, aurrera begira, "baikor" azaldu da Iñigo Ucin Mondragoneko Kontseilu Nagusiko lehendakaria: "Gizarteari gure aletxoa eskaintzen jarraitzen dugu. Jakin badakigu etorkizuna erronkaz josita izango dugula, eta horiek proban jarriko dituztela gure gaitasunak, baina konfiantza osoa dugu gure ereduan, eta gure pertsonen ekarpenari esker, gizarte hobe eta bidezkoago bat sortzen laguntzen jarraituko dugu”.