Bixente Atxak, Mondragon Unibertsitateko errektoreak, azaldu du unibertsitatearen misioetako bat dela, hain zuzen, gizartearen eraldaketa, eta batzuek hori utopikotzat hartzen duten arren, Atxak posible ikusten du. "MUren lehen fakultatea Goi Eskola Politeknikoa izan zen, eta proiektu horretatik beste hainbat proiektu sortu dira. Pertsonak erakarri, talentuak erakarri, ezagutza sortu, teknologia garatu eta abar egiten dugu, eta ondoren, hori guztia enpresetara transferitu. Enpresa hauek eraldatu dute gure bailara eta Euskadi, oro har. beraz, posible da hezkuntzatik eta unibertsitatetik bultzatzea gizarte eraldaketa hori".
Errektoreak adierazi du unibertsitatean hiru aktibitate garatzen dituztela: gazteen formazioa, ezagutza sortzea eta azkenik ezagutza hori transferitu. Topaketa hauek egokiak dira hori guztia bermatzeko, Atxaren esanetan.
Lanki
Esan moduan, Lankik antolatzen ditu jardunaldi hauek. Lankiren egiteko nagusiak dira ekonomia sozialaren eta kooperatibismoaren gaineko ikerketa, errealitate kooperatiboaren garapenean eragitea eta norabide horretan, hezkuntza, laguntza eta zabalkunde lanak egitea.
Ainara Udaondok, Lankiko zuzendariak, azpimarratu du errealitatean eragiteko bokazioz egiten dutela lan, eta gaineratu du gizartea eta erakundeak artikulatzeko oso praktika interesgarria dela auto-eraketa eta kooperatibismoaren praktika.
Kooperatibagintzaren praktikak kontraesanak, zailtasunak eta dilemak dituela onartu duen arren, eredu kooperatiboaren balioa handia dela uste du Udaondok. "Kooperatibak ez dira formula perfektuak, inondik inora, baina zalantzarik ez dugu erantzun zehatz eta interesgarriak eskaintzen dituela enpresa eta ekonomia egiteko molde gizatiarragoak garatzeko orduan".
Norabide horretan, topaketa hauek beste aletxo bat izatea gurako lukeela dio Lankiko zuzendariak. "Ekonomia sozialak eta kooperatibismoak erronken gaineko hausnarketarako espazio gisa sortu genituen jardunaldi hauek"
Hizlariak
Patrick Duguay Quebec-eko Garapen Erregionaleko Kooperatibako zuzendaria eta Ana Moreno elkarte jasangarrien ikerketa taldeko kidea izan dira gaurko hizlariak, eta horrez gain, bailarako zenbait kooperatibetako kideek euren esperientziak plazaratu dituzte.
Eskerrak
Azkenik, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte ekonomia sailari topaketa hauekin bat egin eta babesteagatik. Hain zuzen ere, Gizarte Ekonomiaren zuzendari Jokin Diazek parte hartu du jardunaldi hauetan.