"Babesleak gurera erakarri behar ditugu"

Xabier Urtzelai 2018ko eka. 15a, 19:27

'Emakumea eta saskibaloia' izenburupean, elite mailako taldeetako emakumezko presidenteak batu zituen Bergara Kirol Elkarteak eguaztenean. Baliabide gutxirekin lehiakorrak izateko egin beharrekoak nabarmendu zituzten.

Mahai inguru emankorra izan zen eguaztenean BKEk antolatutakoa, GBCko presidente Nekane Arzallusek, IDKko Carmen Muguruzak eta Araskiko Livia Lopezek gai mordoa izan zituzten esku artean. Lehenengoa, generoaren gainekoa. "ACBko taldeetako presidente eta presidenteordeak batu izan garenean, 35 gizonezkoren artean egon izan naiz; eta bai, hasieran, errespetua ematen du. Baina poliki-poliki joaten zara burua ateratzen", adierazi zuen Nekane Arzallusek (GBC). 

Bada, Livia Lopezek gaineratu zuen genero berdintasunaren gaia gehiago ikusten duela marketin aldetik errealitatetik baino: "Zarata handia sumatzen dudalako, baina aurrerapausoak ez dira horren handiak".

Hankak lurrean izatea 

Hiru presidente horiek kategoria ezberdinetan dauden kluben gainean egin zuten berba, nor bere errealitatetik, baina denek dute zerbait batera: baliabide gutxi dituzte. "Babesleendako erakargarri izan behar dugu, ezin dugu egun osoan negarrez ibili. Gasteizen Baskoniak ate asko jotzen ditu babesleak bilatzeko, komertzial taldea dute, eta eskaintza erakargarria, eta guk hor lehiatu behar dugu. Ez da batere erraza, baina komunikabideek azken bi urte hauetan jarrera aldatu dute eta kasu egiten hasi dira. Eta, aldea izugarria da, jendeak kalean taldearen gainean galdetzen digu, eta lehen hori pentsaezina zen".

Bada, IDK eta Araski taldeek badakite Europan jokatzeari ezezkoa ematea zer den, aurrekontu faltagatik. "Eta kontua ez da txapelketari aurre egiteko dirua izatea. Kontua da Europara joateko jokalari profesionalak izan behar dituzula, gure jokalariek ezin dituztelako euren lanpostuak alde batera utzi, edo ikasten dabiltzanak ikasketak alboratu. Horregatik, baina, ezin zara zoratu", adierazi zuen Lopezek.

Eta Muguruzak gaineratu: "Akaso, Europara ez zara lehenengo urtean joango, ezta bigarrenean ere. Baina ahalegin bakoitzarekin lurra lantzen ari zara, hazia jartzen. Eta hor, aurrera egiteko babesletza pribatua behar dugu, ezin gara-eta laguntza publikoetatik soilik bizi". Bide beretik mintzatu zen Arzallus: "Beti diot gauden lekuan gaudela, ez nahiko genukeen lekuan, eta gure egunerokoan ditugun baliabideekin egin behar dugula lan, horri ahalik eta etekinik handiena aterata".

GBCren erronka 

Livia Lopezek eta Carmen Muguruzak emakumezkoen taldeak kudeatzen dituzte. Nekane Arzallusek, berriz, gizonezkoena: "Gureak beste erronka batzuk dira. ACBn aurrekontu txikienetakoa dugun taldea gara, eta aurten oso denboraldi txukuna egin dugu, ia ez gara jaitsiera postuetan egon eta lasaitasunez egin diogu aurre denboraldiari. Gertatzen dena da emakumezkoen saskibaloiak ez duela dirurik ematen, baina gureak, gizonezkoenak, ere ez. Hor, futbolarekin lehiatu behar dugu, ACB kategorian galerak izaten ditugulako. Gure partiduak ordainpeko telebista bidez ikusteak beherakada ekarri du, jendeak ez duelako saskibaloia lehen moduan jarraitzen. Pentsa, ACBko finaletan murgilduta gaude, eta Julen Lopetegiren izena da gaur entzun dudan gauza bakarra".

Porfi Fisac, eta Gipuzkoa 

GBC Gipuzkoako presidenteari Porfi Fisacen gainean ere galdetu zion Juanjo Lusa kazetariak: "Bai, pena ematen digu joan izana, gauza asko bizi izan ditugulako batera. Oso entrenatzaile ona da, halako taldeei etekin handia ateratzen die. Jokalariei sinistu arazten die munduko jokalari onenak direla. Orain entrenatzaile berria fitxatzeko lanetan gabiltza, baina oraingoz ezin dut ezer aurreratu". Eta, berbaldi amaieran, GOIENAk taldearen erronken gainean ere galdetu zion Arzallusi: "Kluba egonkortu behar dugu, eta ahalegin berezia egin GBC Gipuzkoa osora zabaltzen, ez hiriburura bakarrik".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak