2014ko ekainaren 8an izan zen erabakitzeko eskubidearen alde Gure Esku Dago dinamikak antolatutako lehen giza kate erraldoia, Durango eta Iruñea lotu zituena.
Lau urte geroago egingo dute bigarrena, domeka honetan, hain zuzen –ekainak 10–. 12:00etan egingo dute katea, eta, oraingo honetan Donostia, Bilbo eta Gasteiz hiriburuak lotuko ditu. Ez da Debagoienetik pasatuko. Hori dela eta, debagoiendarrak bi multzotan banatuko dituzte: antzuolarrak, bergararrak eta elgetarrak Eibartik Maltzagarako bidean egongo dira, 68, 69 eta 70. kilometroetan. Aramaioarrak, aretxabaletarrak, arrasatearrak, oñatiarrak, eskoriatzarrak eta gatzagarrak, berriz, Araba aldera joango dira, Zigoitira. Haienak izango dira 182 eta 189. bitarteko kilometro guztiak –biak barne–.
Guztira, 5.000 debagoiendar inguruk eman dute izena giza katean parte hartzeko, eta, dagozkien kilometroetara eramateko, autobusak antolatu ditu Gure Esku Dago dinamikak.
Maltzaga inguruan
Esan bezala, antzuolarrek, bergararrek eta elgetarrek Maltzagan izango dute euren tartea.
Antzuolatik 300 bat lagun joango dira, hiru autobusetan banatuta –autobus geltokitik aterako dira hirurak, bi txandatan–. Lehenak 09:00etan irtengo dira eta 68 A1, 68 B1 eta 68 D1 kodea dutenak joango dira autobus horietan. Bigarren txanda, aldiz, 10:00etan izango da, eta 68 A2, 68 B2 eta 68 D2 kodea dutenak joango dira. Gaur izango da azken eguna izena emateko eta autobuserako txartela erosteko, 19:45etik 20:30era, Kalebarrenen.
Elgetan 100 lagun inguruk eman dute izena. Autobus bakarra izango dute eta bi joan-etorri egingo ditu, 09:30ean eta 10:30ean. Bigarren horretan oraindik lekua dago, eta gaur 18:00etatik 21:00etara jarriko dute mahaia izena emateko, plazan.
Bergarari dagokionez, 1.000 lagun inguru joango dira orotara. Horietako batzuk oinez doaz, eta 08:30ean abiatuko dira Bergaratik, Leizeaga kaleko Eroski paretik. Bizikletan doazenak 09:00etan aterako dira, leku beretik. Autobusean doazenek, azkenik, hiru aukera izango dituzte, hiru joan-etorri egingo baitituzte hamar autobusek: 09:00etan, 09:30ean eta 10:00etan. Hauek ere Eroski paretik aterako dira.
Bitartean, Bergarako kilometroetan, hainbat ekintza egingo dituzte giroa berotzen joateko. 09:30etik 11:00etara bitartean, erraldoiak, ipuin kontaketa, aurpegi margoketa eta abar egongo dira haurrentzako, eta gazteentzako, berriz, kontzertuak. Horrez gain, trikitilariek, txistulariek eta antzerki taldeak alaituko dute giroa.
Araban
Debagoiendarren bigarren multzoa Arabako Zigoitia udalerrian kokatuko da.
Arrasatearrek 182, 183 eta 184. kilometroak edukiko dituzte, Maurga eta Gopegi herrian artean. 1.550 pertsona inguruk eman dute izena, eta 21 autobus irtengo dira, 08:15ean, Garibaiko geltokitik. Autoz joango direnentzat, aurreko panelean 184 km Arrasate folio batean idatzita jartzea eskatu du Arrasateko Gure Esku Dago-k, gune egokian aparkatu ahal izateko –Murua herrian–. 10:30erako han egotea gomendatu dute, kontuan hartuta ordubete beharko dela hara iristeko –40 minutu autoz, eta 20 minutu inguru oinez–. Horrez gain, Legutiotik joateko gomendioa egin die dinamikak herritarrei. "Zubitik urtegia gurutzatu eta Barazarrerantz hartu. Ondoren, Gopegirako bidea hartu eta Muruan aparkatzea da onena".
185. kilometroa aretxabaletarrena izango da, eta 640 bat lagun joango dira, haiek ere Maurga eta Gopegi artera. Bederatzi autobus irtengo dira, Azbe paretik, 08:30ean.
Eskoriatzarrek eta gatzagarrek 186. kilometroa osatuko dute, Ondategi herrian. Guztira, 400 lagun inguru joango dira, eta lau autobus beteko dituzte. Autobusak Eskoriatzako tren geltoki zaharretik irtengo dira, 09:00etan. Hala ere, 08:30ean kalejiran joango dira plazatik geltokira. Izena eman daiteke oraindik, gureskudago.eskoriatza@gmail.com helbidera idatzita, eta autobuserako tiketak Gozotxikin daude salgai.
Oñatiarrek bi kilometro izango dituzte Gopegi eta Berrikao artean: 187.a eta 188.a. 800 lagunek eman dute izena, eta hamahiru autobusetan joango dira. 08:45ean abiatuko dira autobusak Correos eta MUko fakultate aurretik.
Aramaioarrentzat izango da bailarako azken kilometroa, 189.a, Berrikao herrian. 250 lagun joango dira, bost autobusetan. Pilotaleku paretik aterako dira autobusak, 09:00etan. Izena emateko azken aukera gaur izango da, eta horretarako mahaiak jarriko dituzte 19:30etik 20:30era, okindegi parean.
Ekitaldiak
Giza katea 12:00etan hasiko da, eta bukatzean, hainbat ekitaldi egingo dituzte egun osoan zehar; tartean, Eibarren eta Gasteizen.
Eibarren 13:00etan elkartuko dira, Untzaga plazan. Elektrotxarangaz eta trikitilariz lagunduta helduko dira. Ondoren, erromeria egongo da, Parrapas taldearen eskutik. Bazkaria 14:30ean izango da, Bizimina taldeak antolatuta. Langileek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta ikasle eta langabeek, 10 euro. Bazkalostean, kontzertua eskainiko dute La Basu rap abeslariak eta Koban taldeak.
Gasteizi dagokionez, 13:30ean, herri bazkaria egingo dute Burulleria plazan. 15:00etan, freestyle askea izango da San Markos kantoian. Ordu berean, Lumen musika taldeak kontzertua eskainiko du Santa Maria kantoian eta DJ Loro Sana Ana kantoian ariko da, hura ere 15:00etan. Azkenik, Ttek elektro-txarangaren emanaldia izango da Fariñas gunean, 16:00etan hasita.
Herritarrak protagonista
Gure Esku Dago dinamikaren Arrasateko eta Bergarako arduradun Jasone Giraldok eta Aitor Erañak azpimarratu dute "herritarrak" direla protagonista, eta erabakitzeko eskubidea lortzeko bidea pixkanaka egin beharrekoa dela aitortu dute. "Kontziente gara herritarrok ez badugu pausoa ematen, ez dela ezer aldatuko. Horrelako helburua daukan mugimendu batek ibilbide luzea behar du. Gauzak ondo egin eta helburu trinko bat lortzeko, gauzak poliki-poliki egin behar dira", azaldu du Giraldok. "Mendi altua da, baina bagoaz pixkanaka gorantz, tontorrera heltzeko bide egokiena topatuz. Herriaren mobilizazioan dago gakoa. Herria ez bada mugitzen, politikariak esperoan egongo dira, baina herria mugitzen bada, politikariak ere mugituko dira", erantsi du Erañak.
Hori dela eta, oraindik izena eman ez duten horiei dei egin diete domekako giza katean parte hartzeko, eta, batez ere, gazteengan jarri dute azpimarra. "Eurena da etorkizuna".
Jone Amonarriz: "2014an indar handia batu zen, eta aurten hori gainditzea espero dugu"
2016az geroztik, Gure Esku Dago dinamikako komunikazio arduraduna da Jone Amonarriz (Tolosa, 1993).
Guztia prest domekarako?
Ia guztia. Autobusen koordinazioa falta zaigu. Kanpora begira, agian, ez dauka horrenbesteko garrantzirik, baina 1.000 autobusetik gora espero ditugu, bakoitzak ibilbide propioa izango du, eta hori ondo koordinatzea ez da erraza izango. Oso baikor gaude. Azken egun hauetan jende asko ari da izena ematen.
Duela lau urte giza kateak erantzun bikaina izan zuen. Orduan besteko indarra espero duzue?
Orduan bestekoa ez, handiagoa espero dugu, eta ziur gaude hala izango dela. Azken urteetako ibilbidean geroz eta espazio zabalagoetara iritsi gara; ibilbidearen diseinua ere hortik dator, jende gehien bizi den eremuetatik pasako baita giza katea, dinamika ahalik eta zabalena izan dadin. Nabari da helburua betetzen ari dela. Herriz herri lanketa oso sakona egin da eta egun, bestelako testuinguru batean gaude, herritarrek egindako ekarpenei esker, neurri handi batean.
Mugarri izango da domeka?
2014ko giza katea abiapuntu bat izan zen, Erabakiaren aroa deitu dioguna zabaltzeko lehen pausoa. Aurtengoa une berezi batean kokatzen dugu, herritarrok protagonista izan behar dugun une batean, non Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eztabaida instituzionala izaten ari den Euskal Herriaren estatus politikoaren eta honen etorkizunaren inguruan. Egun historikoa izango da, datozen hamarkadetan izango dugun etorkizun hori erabakiko den unearekin konektatu behar dugulako eta gure ekarpena egin behar dugulako.
Oraindik zalantzan dagoen horri zer esango zenioke?
Esango nioke bera dela euskal gizartearen etorkizunaren protagonista. Elkarrekin gaudenean sentitzen dugu zertarako garen gai. Bestalde, esango nioke domekan irudi ikaragarriak zabalduko ditugula, eta pena izango litzatekeela hori guztiori pantailaren beste aldetik ikusi behar izatea eta damutzea. Beraz, damutu aurretik, izena ematera animatzen dugu jendea.