Atzoko euri-jasak kalteak eragin ditu Antzuolan eta Bergaran, hala ere, bi udaletako ordezkariek nabarmendu dute zorionez kalte pertsonalik ez dela izan.
Imanol Lasa foru bozeramailearen arabera, azken 100 urteetako gehiengo historikoa da atzo jasotako euri-erauntsiak. Deskargan instalatutako plubiometroak jasotako datuen arabera, atzo, ordu bakarrean, 61 litro ur jaso ziren, hau da, azken ehun urteetako erregistrorik altuena Gipuzkoan, tarte horretan 49 litrokoa baitzen orain arte kopururik altuena: "Horrek argi eta garbi uzten du muturreko fenomeno meteorologikoa izan zela atzokoa, eremu horretan lokalizatutakoa, eta aurreikuspenerako eta defentsarako tarterik uzten ez duena".
Kalte guztiak ebaluatu bitartean, bi herrietako alkateek arrazoi ezberdinei egotzi diete atzo Antzuolan eta Bergaran gertatutakoaren errua. Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak euri-jasari eta obrei bota die errua. Bergarako alkate Elena Letek aldiz, Ur Agentziaren gain jarri du ardura, errekak garbi mantentzearen ardura beraiena dela argudiatuz.
Errepidea erreka bilakatuta Antzuolan
Euri asko egin zuen denbora gutxian eta horri obretako materiala gehitu zitzaion, egoera okertuz. Torresoroa izan zen kaltetuena, kristala apurtu ostean ura eta hark zekarrena liburutegira sartu baitzen, baina kalean eta hainbat baserri gunetan ere izan ziren kalteak.
Aldunditik esan dute urak obretako materiala eraman zuela bere bidean eta ildo beretik jardun du Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak: "Obra dagoen bitartean gauzak lotu gabe daude, urak kanalizatu gabe eta urbanizatu gabe, eta material solte asko dago. Ura etorri denean hori dena kalera ekarri du". Alkateak adierazi du berak inoiz ez duela horrelakorik ikusi herrian, eta atzo "kanposantutik gorako errepideak erreka bat" zirudiela esan du. Orain artean magal hark ez duela problema handirik eman ere gehitu du: "56 urtetan ez dut ezagutu horrelako ur emaririk alde horretatik. Obra dagoenetik bai dago aldatuta".
Hala ere, Foru bozeramaileak obrei buruzko informazioa argitu nahi izan du. Lasak adierazi duenez, euriak eramandako material kopurua "handiagoa" izatea eragin dute errepideko lanek, baina garbi utzi nahi izan du, sortutako kalteen atzean dagoela "bailarako goiko aldetik eroritako ur kopuru guztiz ezohikoa", eta "ez obra bera": "Are gehiago, gehien erasandako puntuetako bitan, GI-632 errepideko bihurgunean eta etxoletako esparruan, ez da inolako lanik egin. Uholdeen efektua askoz harago doa, beste herri batzuetan ikusi den bezala, eta obrarik egon ez balitz ere eragin nabarmena edukiko zuten".
Bestalde, alkateak nabarmendu nahi izan du herritarrek ezbeharraren aurrean izandako jarrera, eta Antzuola beti "oso herri solidarioa" izan dela azpimarratu du. Era berean, garbiketarako obretako makineria herriaren esku utzi izana ere eskertu du: "Kale garbiketa nahiko azkar doa, obrako makineria gure eskura jarri dute eta".
Bergaran errekak enborrez beteta, ura ezin bideratu
Bergarako San Antonion, Urteagan, Eskusarten, Oxirondo azokaren inguruan eta Boluan urak errekatik irten ziren hainbat puntutan. Bergarako Udalak nabarmendu du Udal Brigadako langileak segituan hasi zirela lanean "enborrekin errekan egindako tapoiak askatzen eta egurrak errekatik ateratzen". Era berean, azpimarratu du hasieratik, "Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideetako arduradunekin eta suhiltzaileekin lankidetzan egoera bideratzen" aritu zirela. Bergarako enpresa bat ere "berehala etorri zen laguntzera" eta guztiei eskerrak helarazi nahi izan dizkiote.
Hala ere, alkatearen esanetan, "erreka gai zen eta da, atzoko zaparradako ur guztia kudeatzeko, baina erreka inguruetan hazten diren zuhaitzek tapoia egin zuten hainbat puntutan". Horren ardura Ur Agentziarena dela ere esan du, eta oraindik ez dutela "inongo erantzunik jaso".