Bi lan nagusi egin gura dituzte datozen egunetan Aizkorriko aterpean: beheko sua konpondu eta kanpoan eserlekua egin. "Beheko sua berria jarriko dugu eta tximinia luzatuko dugu, kea ez pilatzeko barruan. 70 zentimetro luzatuko dugu eta oraingo itxura bera izango du gero ere: kanpotik adreilua eta barrutik inoxidablezko tuboa. Aterpearen sarreran eserlekua egingo dugu ate ondotik izkinaraino. Harriekin egin gura dugu hori. Sare sozialen bitartez mezua zabaldu genuen inguruan solte dauden harriak aterpearen ondoan pilatzeko tontorrera doazen mendizaleek. Harri batzuk pilatu dituzte eta horiekin eta hartuko ditugun beste batzukin egingo dugu eserlekua", dio Aizkorri Bizirik taldeko Gaizka De Miguelek.
Helikopteroa
Duela bi urte egin zuten moduan, Zegama-Aizkorri mendi maratoia antolatzen ibili diren lagunekin elkarlanean, mendiko lasterketako helikopteroa erabiliko dute materiala igotzeko; 100 kiloko 25 zaku zementu, esaterako. "Asmoa da egubakoitzean egitea lan guztia, bai behintzat materiala igotzeko lana. Baina horretarako eguraldi ona egin behar du, helikopteroak arazorik ez izateko", azaldu du De Miguelek.
Bihar, egubakoitza, 11:00etarako igoko dira Aikorri Bizirik taldeko hainbat lagun eta domekan egingo den Zegama-Aizkorri mendi lasterketako boluntarioekin batera hasiko dira babeslekuko lanak egiten. Laguntzera joan gura duenak taldeak Facebook-en duen orrira sartuta jar daiteke harremanetan.