Aurrerantzean, edukiontzi zurien zeregina ez da oihalak eta oinetakoak biltzera mugatuko. Eta edonolako objektu txikiak botatzeko ere izango dira erabilgarri; hala nola, liburuak, jostailuak, gailu elektrikoak eta elektronikoak, bisuteria... "Oro har, erabiltzaileak kontserbatzeko edo funtzionatzeko behar bezain egoera onean ez dagoela, eta berrerabili daitekeela uste duen edozein objektu edo produktu txiki", azaldu dute Mankomunitateko Ingurumen sailetik.
Elementu ebakitzailerik ez
Edukiontzietan denetariko objektu txikiak jasoko badira ere, elementu ebakitzailerik edo hautsi direlako ebaki dezaketenik ezingo da bota; esate baterako, labanak, kristalak, platerak...
Gizarte izaera duen Emaus enpresak jarraituko du edukiontzietan jasotzen dena kudeatzen. Berrerabilgarri txikiak biltzeaz gain, prozesu zirkular bateko fase guztiak txertatuko ditu: biltzea, sailkatzea, garbitzea, konpontzea eta berrerabiltzeko edo birziklatzeko saltzea. Prozesu guzti honen azken helburua ahalik eta gehien berrerabiltzea izango da. Mankomunitateko Ingurumen sailetik debagoiendar guztiak animatu nahi dituzte, berrerabilpenaren alde ematen ari diren "urrats garrantzitsu honetan" parte hartzera.