Florencio A. Markina: "Basurde-hazkundea ehizatuz bakarrik kontrola daiteke"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko mai. 19a, 10:00


Zoologo bilbotarra basurdeen gainean hizketan izan da Antzuolan. Basurdearen kudeaketarako baliabideak-erremintak izan da haren hizketa gaia. Dio, azkeneko urteotan, %70 hazi dela basurdeen kopurua eta denon artean konpondu beharreko arazoa dela.

Azkenaldian kezka nagusitu da, batik bat baserritarren artean, basurdeak asko ugaldu direlako eta triskantzak sortzen dituelako soloetan-eta…

Bai, basurde asko dabil gure mendi eta basoetan eta azkenaldian sarriago ikusten dira baserri inguru eta kaleetan, hirietan-eta. Azkeneko zortzi urteotan %70 hazi da basurde kopurua. Horrek arazoak sortzen ditu.

Zenbat basurdez dihardugu?

Gipuzkoan, 1.500 bat basurde ehizatu ziren iaz. Kalkulatzen dugu, dauden guztien erdia. Hortaz, 3.000 bat basurde izango dira Gipuzkoan; Araban, gehiago: 7.000 inguru; zan ere, 3.000etik gora ehizatu ziren.

Zein da demaseko hazkunde horren arrazoia?

Bereziki, elikagai asko dutela: nonahi lor dezakete jatekoa. Azken urteetako laborantza intentsibo edo produktiboagoak, geroago eta negu bigunagoak… ekarri du basurdeen hazkundea. Geroago eta lodiagoak dira. Elikagaiak samurrago lortzen dute, baldintza klimatikoak bigunagoak dira eta horrek dakar basurde gehiago haztea.

Zer jaten du basurdeak?

Denetik, oso jatuna da. Txoriak, orkatza gazteak, animalia txikiagoak…, eta hondakinak ere bai. Gainera, harrapakaria eta sarraskijalea da. Basurde kopurua asko hazi denez, basurde gazteak dabiltza batez ere baserri eta kaleetan, jatekoak errazago aurkitzen dituzten guneetan; zaharragoak, basoan dabiltza eta badakite ezkurrak-eta jaten.

Hirietan-eta sarriago ikusten dira orain.

Bai, Gasteizen, esaterako, gauez, hiri hondakinen edukiontzietan aritzen dira jan bila.

Ze kalte egiten dute basurdeek?

Bi dira, bereziki: nekazaritza laborantzetakoak, triskantzengatik; eta, bestetik, errepideetan gertatzen diren istripuak. Izan ere, baso itxietan barik, jendea bizi den tokietatik gertuago dabiltza; ugaldu direnez, gehiago ehizatzen dira; hara eta hona gehiago mugitzen dira eta, ondorioz, errepide guneetan ere sarriago ibiltzen dira. Beste arazo bat da osasunarekin zerikusia duena: basurdea animalia gogorra da eta gaixotasun askoren eroale, beste animalia batzuk -orkatzak, ganadua…-, kutsatzeko arriskua dagoelarik.

Zertarako dira onak basurdeak?

Gure faunaren parte dira eta, hortaz, fauna aberasten dute. Ondorioz, kontserbatzeko beharra daukagu.

Kudeaketa egokia ematen zaio gai honi, baserritarren eta erakundeen partetik?

Ohitura daukagu batek besteari leporatzeko arazoaren kulpak, baina arazoa denona da eta denon artean eman behar zaio irtenbidea. Inplikatuta dauden kolektibo guztiak mahaiaren bueltan jarri eta irtenbide egokienak aurkitu behar dira, gutxienekoetan ados jarriz. Erantzukizun osoa, sarritan, ehiztarien esku uzten dugu, baina ehiztariek ezin dezakete ehizatu gehiago.

Zela kontrolatu hazkunde hori?

Gaur egun, basurdeen gehiegizko ugalketa kontrolatzeko modu bakarra ehiza da.

Zein da basurde kopuru egokia?

Sortzen dituen kalteak denontzako jasangarriak izateko adinakoa. Horixe da oreka, hau da, ekonomikoki jasangarria dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak