Federazioak jakinarazi du Aretxabaletak jokatuko duela promozioa: "Hau errespetu falta da"

Xabier Urtzelai 2018ko mai. 16a, 19:10
Aretxabaletaren eta Antzuolaren arteko derbiko artxibo erretratua (2012).

Gezurra badirudi ere, erregional preferenteko Aretxabaletak bi egun ditu zapatuan Ostadarren kontrako joaneko partidua prestatzeko. Eta duela ordu gutxira arte jokalariak oporretan zeuden. Astelehenean jakinarazitakoaren kontrara, gaur arratsaldean erabaki du federazioak Antzuolak beharrean UDAk jokatu behar duela promozio erabakigarria. Normala den moduan, Antzuolan pozarren hartu dute erabakia.  

"Hau ez da normala, eguazten arratsaldea da eta orain esan berri digute zapatuan guk jokatu beharko dugula Ostadarren kontra. Astelehenean federaziotik bertatik esan ziguten gu salbu ginela, eta Antzuola zela promozioa jokatu behar zuena", adierazi berri du Aretxabaletako kirol zuzendari Jose Javier Barkerok. "Errespetu falta da Aretxabaletarendako, eta baita Antzuolarendako ere, erregional preferentea moduko kategoria umila izan arren halakoak kontutan izan behar zituelako federazioak".

GOIENAk jakin duenez, jardunaldiko emaitza guztiak eguneratu dituztenean etorri dira nahasmenak,  sailkapenak hasiera batean aurreikusten ez zen egoera erakusten zuelako, alegia, Antzuola Aretxabaletaren aurretik zegoela. Bada, eguazten arratsaldera arte ez dute erantzunik izan: "Orain momentuan jaso dugu berria, baina zelako eguna pasa dugun!", adierazi du Antzuolako kapitain Ibai Zabalok. "Guk garbi ikusten genuen araudiak gure alde egiten zuela, eta dakigunez federazio barruan ere denerako iritziak zituzten. Ulertzen dut Aretxabaletan jendea haserre egotea, bietako inork ez zuelako halako traturik merezi, baina normala den moduan, guk pozarren hartu dugu albistea". 

Eta orain, zer?

Ikusteko dago Aretxabaletak ze bide hartuko duen orain; gaur –eguaztena– iluntzean batzarra du zuzendaritzak: "Ezin dut ezer aurreratu ez dugulako erabakirik hartu, orain egingo dugu berba. Ez dakit errekurtsoa jarriko dugun, partidua atzeratzea eskatuko dugun... Baina, halakoak pasatzea...", zioen haserre Barkerok.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak