Bergararendako zigorra, Antzuolarendako azken aukera

Xabier Urtzelai 2018ko mai. 15a, 10:34
Antzuolak eta Bergarak erregional preferentean jokatutako partiduko artxibo irudia.

Erregional preferenteko azken jardunaldia infartuzkoa izan da bailarako zenbait talderendako, Antzuola, Bergara eta Aretxabaleta zeudelako maila galtzeko arriskuan. Bada, luzapeneko minutuetan huts egindako penaltiak zapuztu zituen bergararren asmo on guztiak eta maila galdu dute. Kategoria, baina, ez da penalti batengatik galtzen. Antzuolak mailari eusteko playoff-a jokatuko du, eta Aretxabaleta dagoeneko salbu dago.

Aspaldian ez da bizi izan bailarakoen arteko lehia horren estua, eta erregional preferentean gertatu da. Jokoan mailari eustea, eta Antzuola, Bergara eta Aretxabaleta larritasunaren saltsan murgilduta. Antzuolak joan den astean irabazi eta gero aldeko zituen matematikak, eta eskerrak, borroka berean sartuta zegoen Ikasberriren kontra galdu egin zutelako antzuolarrek (2-1). Hala, zuzenean jaistea saihestu dute antzuolarrek, baina mailari eusteko promozioa jokatuko dute.

Aretxabaletak ez zuen helburu erraza. Joan den astean Mondraren kontra derbia berdindu eta gero (2-2) zail jarri zitzaizkien gauzak, baina ligako azken partidua dagoeneko maila galduta zuen Ordiziaren kontra jokatu zuten, eta aretxabaletarrek ez zuten barkatu (1-3). Hala, aretxabaletarrek dagoeneko mailari eutsi diote.

Bergara jaitsiko da mailaz

Eta azkenik, Bergara. Azken hiru partiduak galtzetik zetozen mahoneroak, eta azken partiduan ez zuten kontrario makala, liga bosgarren amaitu duen Lagun Onak. Bada, lehenengo zatiaren amaieran gauzak aldeko zituzten mahoneroek, 2-0ekoarekin erretiratu ziren-eta aldagelara (Asier Jorge eta Josu Diaz). Bigarren zatian, baina, kanpotarrek erreakzionatu egin zuten, eta partidua berdindu (2-2). Luzapenean, baina, bergararrek penalti bat izan zuten aldeko, hortxe zituzten hiru puntuak eskura, baina penalti jaurtiketa horretan huts egin zuten, eta puntua ez da nahikoa mailari eusteko. Seguru jokalaria lur jota dagoela, baina penalti batengatik ez da maila galtzen, 30 partidutan bederatzi partidu irabazteagatik galtzen da maila. Bada, aste barruan horrela baloratu du Bergarako presidente Josu Elortzak klubeko bigarren taldeak maila galdu izana: "Denboraldi hasieratik argi genuen urte zaila izango zela bigarren taldearentzat. Preferentea oso liga gogorra da eta helburua mantentzea zen. Azken jardunaldira arte gure esku izan dugu helburua eta taldearen lanarekin pozik gaude. Jaitsi arren, entrenatzaile zein jokalariek egindako denboraldiarekin oso harro gaude. Aurerra begiratu eta datorren denboraldian igoera lortzeko lanean hastea tokatzen zaigu orain".

Izan ere, gizonezkoen senior mailan bigarren taldea izatea garrantzitsua da egungo zuzendaritzarendako: "Bigarren taldea izaten jarraituko dugu datorren denboraldian, lehen talderako zubi izaten jarraituko duena. Konpetizio aldetik, Preferenteak talde indartsuagoekin lehiatzeko aukera ematen du, nibel handiagoa dago, jokatzeko liga erakargarriagoa da. Jokalariengatik hartu dugu pena handiena". Bada, zuzendaritzak aurten egon diren jokalari guztiekin kontatzen du datorren urterako ere, eta gazte mailatik seguru jokalariak igoko direla.  

Antzuolak jokatuko du playoff-a

Antzuolak oraindik ez ditu mailari eusteko etxerako lanak egin, eta sailkapenean azken hirugarren postuan geratuta mailari eusteko promozioa jokatu beharko du. Bada, beste multzoko Ostadar taldearen kontra izango dute kanporaketa, bi partidutara. Hala, joanekoa oraingo zapatuan –hilak 19– jokatuko dute Lasarten (17:30), eta itzulikoa Eztalan izango da, hilaren 26an.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak