Gure Esku Dago-ren giza katerako giroa berotzen

Eneko Azurmendi 2018ko mai. 8a, 14:41

Ekainaren 10ean egingo da, Gure Esku Dago-k antolatuta, erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kate erraldoia. Bailaratik igaroko ez bada ere, Debagoieneko herri bakoitzak kilometro tartea izango du egokituta; 5.500 lagun beharko dira.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago plataformak giza kate erraldoia antolatu du ekainaren 10erako, Euskal Herrian inoiz egin den handiena. Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa eta Gasteizen amaituko da, 201,9 kilometro osatuta, Eusko Legebiltzarraren atarian. 100.000 pertsona beharko dituzte hori osatzeko. Gure Esku Dago-k antolatzen duen bigarren giza katea izango da ekainekoa, eta, lehenengoa ez bezala –2014ko ekainaren 8an egin zen lehena–, ez da Debagoienetik igaroko. Edozelan ere, bailarako herri bakoitzak bere tartea izango du egokituta.

Tarteak herriz herri

Elgetak eta Antzuolak, bakoitzak kilometro erdi izango du, Maltzaga eta Elgoibar bitartean. Bergarak ere, tarte berean, bi kilometroko zatia izango du. Arrasatek eta Aretxabaletak hiru eta bat izango dituzte, hurrenez hurren. Biek ere, Mañurga eta Gopegi (Araba) artean. Eskoriatzak eta Leintz Gatzagak, elkarrekin kilometro bat osatu beharko dute, Ondategin (Araba). Aramaiok Gopegin (Araba) edukiko du tartea. Oñatiarrak, azkenik, Altubeko mendatera joango dira. Horiek osatzeko, 5.500 debagoiendar beharko direla aurreikusten du Gure Esku Dago-k. Elgetatik 200; Antzuolatik 300; Bergaratik 1.000; Arrasatetik 1.500; Aretxabaletatik 500; Aramaiotik 500; Eskoriatza eta Leintz Gatzagatik 500; eta Oñatitik 1.000. –182tik eta 190era bitarteko kilometroak hartuko dituzte Oñatik, Leintz Gatzagak, Eskoriatzak, Aramaiok, Aretxabaletak eta Arrasate. Bergarak, Antzuolak eta Elgetak, berriz, 68tik 70era bitartekoak.

Azken hilabetean sartuta, herrietako taldeak buru-belarri dabiltza saretze lanean. Elgetan, aste honetan dira hastekoak lan horretan. Antzuolan, dagoeneko 60 lagunek eman dute izena eta Bergaran eta Arrasaten, 200ek eta 350ek, hurrenez hurren. Aretxabaletan 150 dituzte lotuta eta Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Oñatin, ez dute oraindik datu zehatzik. Hala ere, hemendik aurrera, sarri izango dira herrietan izen-emate mahaiak, eta herri bakoitzeko lokaletan ere egongo da horretarako aukera. Gure Esku Dago-ren webgunean ere badago hori egiterik: www.gureskudago.eus helbidean.

Autobusak, kilometro tartera

Herri bakoitzak autobusak antolatuko ditu kilometro tarteetara joan ahal izateko. Elgetan eta Antzuolan, esaterako, bina autobus jarriko dira. Bakoitzak bi joan-etorri egingo ditu. Bergaran, autobusak ipintzeaz gain, oinez eta bizikletaz joateko irteerak ere ari dira antolatzen. Arrasaten, Aretxabaletan eta Oñatin bi aukera egongo dira, goizez joan-etorria egitekoa edo egun osoko irteera egitekoa. Bigarren hori aukeratuta, Gasteizera ere joan ahalko dira herritarrak, autobusez. Egun erdiko irteera 7 euro kostako da; egun osokoa, berriz, 10. Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan ere ipiniko dituzte autobusak.

Ekitaldiak, egunera begira

Ekainaren 10eko giza katea girotu eta motorrak berotze aldera, hainbat ekimen antolatuko dituzte herrietan hilabete honetan zehar. Herri gehienetan oraindik zehazteke dago zeintzuk izango diren ekimen horiek, baina Arrasaten eta Oñatin iragarri dituzte dagoeneko. Arrasaten, esate baterako, maiatzaren 19an, Klik Eguna ospatuko dute. Kale animazio, txistulari eta trikitilaririk ez da faltako. Herri mailako giza kate bat eraikiko da, eta, gainera, Herritarron Itunerako arrasatearrek erabakitzeko eskubidearen alde emandako arrazoi bildumaren laburpen bat erakutsiko dute. Oñatin, maiatzaren 12an landuko dute Herritarron Ituna eta maiatzaren 19an, Klik Eguna ospatuko dute han ere. Kale animazioa, musika eta luntxa egongo dira, gizakatearen egunera begira herria girotze aldera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak