Debagoieneko agenda inoiz baino eskurago 'Goienabot'-i esker

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko abe. 12a, 08:59

Fulsioneko Uxue Uruburu eta Xabi Urcelay 'Goienabot'-ekin.

Goienabot elkarrizketa bitartez komunikatzeko gaitasuna duen sistema berritzaile bat da, euskaraz hitz egiten duen chatbot-a. Debagoieneko agendari buruzko galderei erantzuteko gai da, baina ez hori bakarrik, Goiena.eus webguneko bestelako informazioa ere eman dezake eta erabiltzaileak entretenitzeko jolasteko aukera ere eskaintzen du. Goienabot Fulsion enpresak garatu du GOIENArentzako eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du.

Xabi Urcelay Fulsion enpresako Software garatzailea eta Uxue Uruburu produktu diseinatzailea dira Goienabot erreminta hobekien ezagutzen dutenak. Fulsion enpresak informazio teknologien ikerkuntzan eta garapenean jarduten du. Teknologia horren helburua da pertsonei laguntzea, gero eta azkarragoak eta autonomoagoak diren sistemei esker. Eta hori da hain zuzen Goienabot berriaren helburua, debagoiendarrei laguntzea.

Zer da 'chatbot' bat?

Chatbot-aren alde esanguratsuena, elkarrizketa bitartez komunikatzeko gaitasuna duen sistema informatiko bat izatea da: komunikazio hau testu bitartez izan daiteke -hau da ohikoena- edota botoi eta irudiez. Orokorrean hauetara heltzeko era ohikoena gero eta gehiago ikus daitezkeen txat kanalak erabiltzea da: Facebooken Messenger, Telegram, eta abar.

Nola lortzen da automatikoki galderak erantzutea?

Galderei automatikoki erantzun ahal izateko, lengoaia naturala antzematen duten sistema desberdinak erabiltzen dira; PLN delakoa -Procesamiento de Lenguaje Natural, Lengoia Naturalaren Prozesamendua-. Hauek patroiak lokalizatzen laguntzen dute eta horrela testuinguruaren araberako erantzun bat ematea posible da.

Gaur egun, lan asko suposatzen du chatbot bat mantentzeak; hala ere, Machine learning -ikasketa automatikoa- eta adimen artifizialari esker, gero eta gauza gehiago ulertu eta erantzun daitezke.

Nola jaio zen 'Goienabot' proiektua? Zer lortu nahi zen?

Goienabot Goienak sortzen duen informazioari sarbide zuzenago eta naturalago bat emateko asmoz sortutako proiektu berritzaile bat da. Horretaz gain, ohiko webgune baten abantailak eskaintzen ditu sistema honek; adibidez, bisita gehien dituzten albisteak edo atalak identifikatzeaz gain, erabiltzaileen behar zehatzak ezagutu eta ase daitezke. Horri esker, webgune arrakastatsuagoak lortzeko aukerak sortuz.

Zer egiteko gai da 'bot'-a? Zein motatako galderak erantzun ditzake eta zeintzuk ez?

Bot bat, sistema aldakor bat da, zeina programatu eta trebatu daitekeen. Hasiera batean gauza gutxi egiteko gai bada ere, denborarekin eta zerbitzu desberdinen APIen -konektatzaileak- bitartez, gero eta akzio gehiago aurrera eramateko gai bilakatzen da. Adibidez, ekintza informatiboak edota zerbitzuekin erlazionatutakoak bideratu ditzake.

'Bot'-a ikasteko gai dela esan duzue, baina nola ikasten du?

Nagusiki bi eratara ikas dezake, alde batetik pertsonek-langileek bere erantzunak ikus ditzakete eta gaizki daudenak zuzendu; bestetik, automatikoki egitea ere posible da, sistemak horretarako Machine Learning-eko algoritmoak erabiltzen ditu, eta bere kabuz ikasten doa.

Horrelako teknologia bat garatzerakoan, zer eragin izan du euskarak?

Jakinekoa da lengoaia naturalaren sistema gehienak ingelesez funtzionatzera bideratuta daudela gaur egun. Ingelesa ez bestelako beste hizkuntzetan, gehiago edo gutxiago garatu dira sistema hauek, izan ere, kontutan izan behar dira hauetariko bakoitzaren berezitasunak. Euskararen kasuan algoritmo hauek aplikatzeak esfortzu eta zailtasun asko suposatzen du, baina era berean, hor dago proiektu honen erronka ere.

Etorkizunean zer egiteko gai izan daiteke 'Goienabot'?

Gure ideia Goienabot entretenigarriagoa egitea da, bere funtzioa informatzetik haratago joatea, eta interakzio atsegin bat eskaintzea; erabiltzailearentzako esperientzia atsegina izan behar da. Goienabot-ak pertsonalitatea izatea nahi dugu, eta erabiltzailea zerbitzu gehiagotara konektatzea.

Nola ikusten duzue orokorrean 'chatbot'-en etorkizuna?

Gure ustetan teknologia geldiezin bat da hau, erabiltzailearentzako oso baliagarriak diren aukerak ematen dituelako: erraztasuna, efizientzia eta pertsonalizazioa. Kontutan izan behar da gero eta adin tarte zabalagoak erabiltzen duela txata, sarbidea arina eta sinplea duelako. Uste dugu gelditzeko etorri den teknologia mota bat dela, baita gaur egungo eta etorkizuneko sistemak osatzeko ere.

 

Goienabot frogatzeko egin klik lotura honetan: http://goienabot.goiena.eus/

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak