Lander Arregi: "Ezin dezakegu gure sistema kritikatu, eredugarria delako"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko api. 20a, 20:00

Gipuzkoan iaz gora egin zuen hiri hondakinen gaikako bilketak; Debagoienean, behera, gutxi bada ere, nahiz eta askogatik den Debagoiena gehien sailkatzen duen eskualdea. Jaitsiera txiki horren atzean, eredua zalantzan jartzen ez duen arrazoiak badaudela adierazi dute Mankomunitatetik.

Lander Arregi, Debagoieneko Mankomunitateko Hondakinen Kudeaketa Batzordeko presidenteak eman ditu azalpenak.

Behera egin du birziklatze tasak Debagoienean: %79,64tik %78,70ra. Kezkaz hartu duzue datua?
Hasiera baten ez da kezkagarria; izan ere, datu horrek badauka arrazoi bat eta ez du 2017ko hilez hileko joera islatzen. Debagoieneko egoera eredugarria da, gaika sailkatuta hondakin gehien jasotzen duen eskualdea delako, eta hala ikusten dute lurraldeko beste eskualdeetan ere. Pozgarria da, bestetik, Gipuzkoan gora egin izana birziklatze tasak, hiru puntu. Eta, are pozgarriagoa, igoera hori izan delako beste eskualde batzuek kopiatu egin dutelako Debagoieneko eredua. Ezin dezakegu gure sistema kritikatu, eredugarria delako.

Zein da, hortaz, jaitsieraren arrazoia?
Gipuzkoan egin dituzten aldaketak hoberako izan diren moduan, gure kasuan, urte konplikatua izan da. Izan ere, hiri hondakinen kudeaketa daraman Cesparekin gora-behera batzuk izan genituen iaz. Ondorioz, zerbitzua lizitaziora atera behar izan genuen, horrek dakartzan arazoekin. Zerbitzua UTE Debagoienari eman zitzaion eta sistema berria ezarri zuen hondakinak kudeatzeko.

Horren ondorioa izan da iazko datuak okerrera egin izana?
Bai. Hondakinak jasotzeko ibilbidea aldatu egin zen, eta aldaketa guztiek behar dute egokitzapen fase bat. Bestetik, komertzioen eta ostalaritzaren sektorearekin ere aldaketa batzuk egin ditugu eta horrek gorabeherak sortu ditu. Eta, azkenik, iazko udazkenean hiri hondakinen langileekin lan-gatazka izan genuen. Urrian, azaroan eta abenduan, aldaketa hauek gauzatu ziren hilabeteetan, izan dugu beherakada, bereziki, azaroan, %77koa datuarekin.

Hilez hileko datuak, osterantzean, onak dira?
Bai. Datuak egonkorrak dira eta goi-goian jarraitzen dugu. Horregatik ez da kezkagarria jaitsiera txiki hori. 2017ko urtarrilean, esaterako, %80ko birziklatze tasa izan dugu. Hortaz, ezin dezakegu esan debagoiendarrak okerrago gabiltzala hiri hondakinak gaika sailkatzen.

Berriki kanpaina abiatu duzue etorkinei zuzenduta, hondakinak gaika zela sailkatu azaltzen duena…
Ezjakintasuna dutenek edo beste toki batzuetatik, beste ohitura batzuk dituzten lekuetatik etorri berri direnei informazioa ematea eta gauzak erraztea da helburua. Eta, kasu batzuetan, etorkinen beste arazo bat izaten da ez daudela erregularizatuta eta ez dutela erresidentzia baimenik eta, ondorioz, ezta hondakin edukiontzietako txartelik ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak