Esku-pilotaren botea arautzeko proposamena

Miren Arregi Amasorrain 2018ko api. 16a, 11:52

Anton del Campo ingeniari eta pilotazale arrasatearrak pilotaren botea neurtzeko proposamena jaso du 'Pilotaren Jokua. Botea arautzeko proposamen batzuk' liburuan. Hortik abiatuta, Iban del Campo semeak ikus-entzunezkoa egin du.

Euskal Pilotaren botea izeneko ikus-entzunezkoa Elhuyarrek antolatzen duen On Zientzia film laburren lehiaketara aurkeztu du Iban del Campo arrasatearrak. Teknopolis zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako telebista programaren barruan eratu zen 2010ean lehiaketa hori. Helburua da zientzia eta teknologia dibulgatzea.

Iban del Camporen Euskal pilotaren botea ikus-entzunezkoak aitaren, Anton del Camporen, liburuxka baten du abiapuntua. Hain zuzen ere, 2007an argitaratu zuen Anton del Campo ingeniari eta pilotazaleak pilotaren botea neurtu eta arautzeko proposamena jasotzen zuen lehen liburua. Orain, berritu egin du, gaurkotu, eta, hortik abiatuta, semeak ikus-entzunezkoa sortu du. "Asmoa da dokumental luze bat egitea pilotaren unibertsoko jendearekin. Enpresariekin, pilota-egileekin, pilotariekin, horretan diharduten kazetariekin...".

Anton del Campok pilotaren boteak eragiten dituen eztabaidetatik abiatuta egin zuen 2007an Pilotaren Jokua. Botea arautzeko proposamen batzuk liburua. "Esku-pilotan pilotaren tamaina eta pisua ondo neurtuta egoten dira. Ez dago zalantzarik eta ez da eztabaidarik egoten, baina bai pilota bizia edo motela den, horretan egon ohi da adostasun falta eta ez dago araudirik", dio hark. Eta gaineratu du: "Kirol gehienetan hori araututa dago. Futbolean ezin du edonork pilota bat aukeratu eta besteak beste bat. Berdin gertatzen da tenisean, golfean, billarrean, saskibaloian... Esku-pilotan ez da horrela gertatzen, ez eta haren aldaera guztietan. Ez erremontean, ez saskian, ez palan".

Botea arautzea

Anton del Campok dio ez dela zaila pilotaren botea arautzea. "Beste gauza bat da botea fisikoki estudiatzea. Hori ez da hain erraza, baina botea arautzea erraza da. Neurtu botea eta kito. Ez da formularik erabili behar, ez energia potentziala, ez energia zinetikoa... Hori pilotaren joera neurtzeko beharrezkoa da, baina ez botea arautzeko. Nik uste dut ez dela zaila botea arautzea", dio. Hori nola egin beharko litzatekeen galdetuta, dio pilotarien eta pilotako profesionalen artean irizpide batzuk adostu behar liratekeela eta horrela botearen ezaugarriak zehaztu, bai, behintzat, partidu ofizialak jokatzeko. Horretarako, hainbat formula matematiko proposatzen ditu.

Zer da arina, zer motela?

Hala, gauzak zenbakien bidez neurtzearen garrantzia azpimarratzen du Del Campok: "Horrela badakigulako zer den gauza bat. Edo handia, edo txikia, edo beroa, edo hotza. Gainera, zer da pilota bat arina izatea edo motela izatea? Ziurtatzeko, numeroak erabili behar dira", erantsi du. Pilotak aukeratzeko orduan saskian pilota arinak eta motelak egotea proposatzen du, "baina ez pilota arinegiak edo motelegiak". Ingeniari eta pilotazalearentzat, fisikaren ikuspuntutik guztiz beharrezkoa da piloten ezaugarri guztiak ondo arautua egotea –tamaina, pisua, botea–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak