Birziklatze tasa: behera ibarrean; gora Gipuzkoan

Iker Oñate 2018ko api. 13a, 12:50

Debagoienaren kasuan, urritik abendura bitartean izan zen birziklatze tasa baxuena; zerbitzuaren kudeatzaile aldaketa eta langileen protestak izan ziren hilabete horietan. Bestalde, Gipuzkoako Diputazioa "baikor" da lurraldeko datu orokorrekin.

Gaikako bilketak 2017an emanikoa jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta, orokorrean, "pozik" da birziklatze tasaren bilakaerarekin. Hain zuzen ere, gaur-gaurkoz, %48,8koa da Gipuzkoako birziklatze tasa – %50ekoa da Europak 2020. urterako zehaztutako indizea–.

Gauzak horrela, Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua, "baikor" da bilakaerarekin: "Europak 2020rako finkatua duen helburutik urrats batera dago Gipuzkoa. Horrela segituz gero, laster lortuko dugu helburua".

Dena den, "hobetu beharreko" zenbait datu aipatu ditu Asensiok: Debagoienean eta Urola Kostan behera egin dute birziklatze tasek. Zehatz esanda, 2016an %79,64koa zen birziklatze tasa Debagoienean; eta 2017an, %78,7koa. Ia puntu bat egin du behera, beraz. Dena den, ibarreko datuak "onak" izaten segitzen dute, Asensioren ustetan: "Jaitsi arren, pozteko moduko datuak izaten jarraitzen dute Debagoienean. Gipuzkoa osoko onenak dira".

Zerbitzu kudeatzaile aldaketa

Hori jakinda, datuak aztertzen jarriak dira Mankomunitateko arduradunak. Eta bilakaera indizea ikusita, hondakinen bilketa zerbitzuaren kudeatzaile aldaketa dute erdigunean. Tartean, zabor biltzaileek protesta egin zuten urrian, aurreikusirik zeuden zenbait kaleratzeren eta lanaldi murrizketen kontra.

"Urritik abendura bitartean izan zen jaitsiera esanguratsuena. Zerbitzuaren kudeaketa aldaketa eta langileen protestak izan ziren hilabete haietan", azaldu du Lander Arregik, Mankomunitateko Hondakinen Kudeaketa Batzordeko presidenteak. Eta gaineratu du datuak ezagutu aurretik ez zutela beherakadarik aurreikusita.

Hondakin gehiago sortu

Bestetik, biztanleriak sortzen duen hondakin kopuruari ere egin dio erreferentzia Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gora egin baitu Gipuzkoako biztanleek sortutako hondakin kopuruak. "Ekonomiaren eta kontsumoaren bilakaerak zeresana du horretan", azaldu du Asensiok. Zehatz esanda, aurreko urtean baino 2.300 tona hondakin gehiago sortu ziren 2017an. Beste era batera esanda: gipuzkoar bakoitzak 440,3 kilo hondakin sortu zituen iaz, batez beste –bi kilo igo zen 2016ko datua–. Eta Asensiok zehaztu duenez, gaika bildu zen %53.

Bestalde, hainbat erronka finkatu dira aurrera begira. Birziklatze tasa igotzearekin batera, ontzien –%62,81– eta bio-hondakinen –%40,09– bilketa haztea. Hain zuzen ere, %7ko igoera lortu gura dute ontzien kasuan eta %10ekoa bio-hondakinenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak