Hamar mugarri Rikardo Arregi Sariaren 30. edizioa ospatzeko

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko api. 12a, 17:10

30. Rikardo Arregi Sariaren prentsaurrekoa. (Ezkerretik eskuinera) Iban Arantzabal, Estibaliz Alkorta, Ainara Rodriguez eta Patxi Baztarrika.

Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Sariaren helburua, eta aurten 30 urte beteko ditu helburu hori betetzen. 2018ko edizioa berezia izango da, azken hamarkadotan euskarazko kazetaritzan mugarri izan diren ekimenak sarituz. 30 urte, 10 mugarri lelopean, hamar sari banatuko dituzte.

Gaur aurkeztu dute Donostian Rikardo Arregi Kazetaritza saria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Andoaingo Udalak. Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordeak aurkeztu dute Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 30. edizio berezia. Gogoratu dutenez, euskarazko kazetaritza bultzatu eta modernizatzeko bidean "akuilu eta sustatzaile” aritzeko jarri zuen Andoaingo Udalak abian Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Bigarren ediziotik aurrera Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen proiektuarekin.

Estibaliz Alkortak azpimarratu duenez, "ezinbestekoa" izan da euskarazko komunikazioaren lana "euskararen biziberritze prozesuan".

Goienako zuzendari nagusiak, Iban Arantzabalek ere, prentsaurrekoan parte hartu du, izan ere, iaz Goiena telebistako Kulturrizketak saioa izan baitzen Rikardo Arregi Saria eskuratu zuena. Arantzabalek Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren hogeita hamar urteotako ekarpena azpimarratu eta aitortu nahi izan du, eta "etorkizun oparoa" aurreikusi dio. Goienako zuzendariak honakoa azpimarratu nahi izan du: "Noski kalitatea izan behar dela saritu beharreko gaia, eta noski, ez dela soilik kalitatea izan behar, izan ere, kazetaritzak ezer behar badu, ahalik eta bezero gehienengana heltzea da".

Iaz sari nagusia jaso zuen Kulturrizketak saioaren gainean ere jardun du Arantzabalek. Esan du, saio horrekin "zerbait ezberdina" egin nahi izan duela Goienak: "Fabrika abandonatu baten grabatu, gonbidatuak hotza pasatzera derrigortu…, eta produktu txukuna atera. Ez horren berritzailea, akaso, baina bai egiazkoa, giro goxoan egindakoa, eta elkarrizketatuak, kulturgileak, protagonista" dituena.

Goienak lau sari jaso ditu Rikardo Arregi Sariketan:

  • 2003an, Aipamen berezia Billy Petersen aktore iparramerikarraren gainean Goienkaria-n argitaratutako erreportajeagatik.
  • 2011n, Sari berezia, Goiena Komunikazio Taldeak, egindako jauzi digitalarengatik eta Goiena.eus-en alde egindako apustuagatik.
  • 2015ean, Sari nagusia Jon Salaberri erreportajeagatik, Joxe Arantzabalekin batera egindakoa.
  • 2017an, Sari nagusia Goiena telebistako Kulturrizketak saioagatik.

Aldez aurretik, dena den, 1990an eta 1991n, Arrasate Press eta Berrigara aldizkariek ere jaso zuten sari bana, bertan egindako erreportaje banagatik. Lehenengoan, Egun bat Elenaren bizitzan lanagatik; bigarrenean, Txomin Pineda, berea ez den gerran lanagatik.

'30 urte, 10 mugarri'

Rikardo Arregi sariaren 30. urtemuga ospatzeko, edizio berritu eta berritzailea prestatu dute ekimen hau sustatzen duten bi erakundeek: "Rikardo Arregi zenaren garaitik euskarazko kazetaritzak gure egunotara arte egin duen jauzi itzelezkoan mugarri izan direnentzat aitormen-sariak izango dira", azaldu dute antolatzaileek. 10 sari banatuko dituzte eta norbanakoen zein izaera juridikoa duten erakundeen esku egongo da 10 mugarri horiek proposatzekoa. Proposamenak 2018ko ekainaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira posta elektronikoz (euskarazerbitzua@andoain.eus) edo posta arruntez:

30. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Andoaingo Udala. Euskara Zerbitzua

Goikoplaza, z/g

20140 Andoain

Epaimahaia

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 30. edizioaren 10 sarituak urrian emango dira aditzera, Sariaren 30. urtebetetzea ospatzeko jai batean. Edizio berezi honetako 10 saridunen inguruko erabakia epaimahaikideen esku izango da. Epaimahaiak, jasotako proposamenak eta bere kideek egin ditzaketenak izango ditu mahai gainean, eta sariaren oinarrietan jasotakoari jarraiki hartuko du erabakia. 30. ediziorako berariaz prestatutako arte-lan bana emango zaie 10 saridunei, bakoitzari dagokion sariaren agiri-diplomarekin batera.

Mahaiburua Ainara Rodriguez Zalakain izango da eta hauexek izango ditu mahaikide: Miren Azkarate, Jose Inazio Basterretxea, Allande Boutin, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga, Jon Unanue, Arantxa Urretabizkaia eta Aitor Zuberogoitia. Idazkaria Patxi Baztarrika, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohi izango da.

Bestalde, rikardoarregikazetaritzasaria.eus webgune berria jarriko da martxan. Une honetan funtzionamenduan badago ere, laster kendu egingo da, webgunea osatzeko lanak egiteko, eta maiatzean aurkeztuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak