Negurik euritsuena, 1928. urteaz geroztik

Eneko Azurmendi 2018ko mar. 23a, 13:10
Urkuluko urtegia %100 bete zen otsailean. Argazkia: Arteman.

Abendua, urtarrila eta otsaila aintzat hartuta, 821 litro metro karratuko erregistratu dira Aemet agentziak Igeldon duen behatokian; Margarita Martin Aemeteko kideak azaldu duenez, 1928an neurketak egiten hasi zirenetik ez da horrelako daturik erregistratu.

Euri asko egin du aurtengo neguan, eta datu esanguratsu bat utzi digu. Aemet agentzia 1928. urtean neurketak egiten hasi zenetik ez dira inoiz hiru hilabete horietan 821 litro jaso. Orain arteko errekorra 1930eko abenduan, eta 1931ko urtarrilean eta otsailean zegoen –812 litro metro karratu erregistratu ziren–.

Negu astronomikoa kontuan hartuta, urtarrila, otsaila eta martxoa oso hezeak izan dira. Igeldoko behatokian 681,4 litro metro karratuko erregistratu dira –384 da bataz bestekoa–; Loiukoan 615 litro –334 da bataz bestekoa– eta Forondan 297 litro –228 da bataz bestekoa–. "Bizkaian eta Gipuzkoan ohikoa baino ia %50 litro gehiago bota ditu hiru hilabete hauetan, eta Araban, %35", azaldu du Martinek.

Nekazari urteari erreparatuta, irailaren 1etik martxoaren 19ra 1.345 litro metro karratu erregistratu dira Igeldon –bataz bestekoa 1.010 dira–; Loiun 1.191 litro –815 da bataz bestekoa– eta Forondan 518 litro –497 da bataz bestekoa–.

Tenperaturei dagokienez, urtarrilean, otsailean eta martxoan, 8,7 graduko bataz bestekoa izan da. "Oso ohikoa da hori. Hala ere, hilabetez hilabete aztertuz gero, gauzak aldatu egiten dira. Urtarrila beroa izan da –ohikoa baino 1,5 gradu beroagoa–, otsaila oso hotza izan da –ohikoa baino 2,5 gradu hotzagoa– eta martxoa, –18ra arte kontuan hartuta, 0,6 gradu beroagoa–. Oraingoz, beroagoa izaten ari da, baina ohiko zenbakietan bukatuko da martxoa, azken egun hauetako tenperaturak baxuak izan dira eta", azpimarratu du Martinek.

Aste Santurako iragarpena

Iragarpena ere egin du Martinek: "Gaur arratsalde-ilunkara partean ziklogenesi esplosibo bat etorriko da gurera. Haizea ipar-mendebaldera aldatuko da bortizki, eta horrek, zaparradak eta haize bolada gogorrak eragingo ditu gau osoan. Zapatuan eta domekan euria egiten jarraituko du, eta tenperaturak hotzak izango dira garai hauetarako. Domeka iluntzerako atertu egingo du, eta tenperaturek ere pixkanaka gora egingo dute. Astelehenean zirimiria egingo du, baina tenperatura atseginagoekin, 15-16 gradurekin gehienez. Martitzenean atertzera egingo du, eta ostarteak edukiko ditugu, 16-17 gradurekin. Eguaztenean, eguenean, eta egubakoitzean goi hodeiak edukiko ditugu, baina euri askorik ez dugu espero. Hegoaldeko haizea edukiko dugu eta tenperaturak epelak izango dira. Egubakoitz arratsaldetik aurrera, eguraldia ezegonkortu egingo da berriz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak