Beratu musika jaialdia, guztiondako gozagarri

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko mar. 23a, 12:13
Maria Arnal, Santa Ana aretoan domekan.

Gaur hasi eta domeka bitartean, mahai-ingurua, askotariko estilo eta ezaugarrietako kontzertuak, musika industriako profesionalendako topaketak eta haurrendako tailerrak izango dira Oñatiko Udalak askotariko eragileekin antolatu duen egitarauan.

Euskal musikaren bertsio hurbila eskaini gura du Oñatiko Udalak herriko askotariko eragilerekin eta Ahotsenea elkartearekin elkarlanean antolatu duen Beratu jaialdiak.

Domekan zabaldu zuten egitaraua Maria Arnal eta Marcel Bages musikarien kontzertuarekin; eta antolatzaileak gustura dira izan zuen harrerarekin. "200 lagun inguru gerturatu ziren. Adin guztietakoak eta herrikoak zein kanpotik etorritakoak, –Debagoieneko beste herrietakoak, Bilbotik, Durangotik, Beasaindik, Donostiatik–... Emanaldi hunkigarria eta liluragarria egin zuten, euren kantuez gain, El Niño de Elcheren bertsioak ere eskainita", azaldu du antolatzaile taldeko Arkaitz Villarrek. "Lan talde polita osatu dugu, eta asteburuan ikusiko dugu emaitza osoa, zaila da aurreikuspenik egitea, era honetako ekimen bat antolatzen dugun lehen aldia delako, baina gure asmoa da jarraikortasuna izango duen jaialdia izatea. Plazera eta hausnarketa konbinatu ditugu: hausnarketa, gaurko mahai-inguruarekin eta bihar goizean Eltzian egingo dugun arloko profesionalek parte hartuko duten jardunaldietan; eta plazera, berriz, kontzertu asko eta onak eskainita. Herritar guztiak animatu gura ditugu ekitaldietan parte hartzera", gaineratu du Nerea Zubiak.

Profesionalek ere ondo hartuta

Horrelako jaialdiak hiriburuetan antolatzen dira gehienetan, hortaz Oñatiko Udalak egin duen apustua txalotu egin dute profesional askok. "Indartsu dator Beratu, ohore bat da bertan egotea", dio DJ Makalak. La Basu rap abeslariak ere beharrezkoak ikusten ditu halako ekimenak "desinformazio handia dagoelako" haren esanetan.

Villarrek gaineratu du, 25 lagun bilduko diela bihar goizean Eltzian. "Musikariak, managerrak, promotoreak, kontzertu aretoetako arduradunak... denetik izango dira, besteak beste, Bilboko BIRA! kultur gunetik, Azpeitiko San Agustin aretotik eta Jazpana jaialdietako lagunak egongo dira. Taldetan banatutako bilerak egin ditugu hasteko, eta ondoren hiru hitzaldi izango dira, eta borobiltzeko, ondorioak aterako ditugu".

Egitaraua

Martxoak 23, ostirala

'Musik Fem' mahai-ingurua Emakumeek musikaren industrian bizi duten egoerari buruz: Lorea Argarate (Las Tea Party); La Basu, rap abeslaria; Ines Osinaga (Gose) eta Amaia Ispizua (Geti In; MIM elkartea, EHME elkartea). Kultura etxean, 19:00etan.

Lukiek taldearen kontzertua Antixena gaztetxean, 22:00etan, doan.

Martxoak 24, zapatua

'Ahotsenean elkartuko gara' jardunaldiak Musika industriako profesionalen topaketa, 10:00etan hasita Eltzia eraikinean; ekitaldi itxia izango da. 16:00etatik 20:00era publiko guztiarentzako kontzertu akustikoak: La Basu; Morau; Hiri Galduak eta Inun abeslaria.

Delorean eta Lumi taldeen kontzertua Gaztelekuan, 22:30ean. Sarrerak 10 eurotan.

Martxoak 25, domeka

Haurrendako musika sortzeko app tailerrak DJ Makalaren eskutik, gaztelekuan.

Audience taldearen kontzertua Gaztelekuan izango da 13:00ean, doan.

Sarrerak aurrez erosteko aukera, Beratu.eus atarian.

 

Domekan, Beratu Txiki tailerra

Gailu elektronikoen bidez musika sortzen irakatsiko die DJ Makalak 6 eta 12 urte bitarteko gazteei domekan. "Tock And Roll, Bebot, Djay eta Figure app-ekin jolastuz kantuak errez-errez sortuko ditugu. Lehenengo biak, txikienen tailerrean erabiliko ditugu eta beste biak bigarrenean. Etorriko direnei eskatuko nieke aurrez deskargatuta ekartzea programa horiek; era berean, aurikularrak eta telefonoa edo tableta ere ekarri beharko dute. Txikienak gurasoekin etortzea ere eskertuko genuke", dio musikariak.

Bi tailer izango dira: 11:30ean, txikiendako, eta 12:30ean, bigarrena. Izena emateko, idatzi info@Beratu.eus-era; gaur, egubakoitza, da azken eguna.

Delorean-ek Mikel Laboaren bertsioak

2000. urtean Zarautzen sortu, baina gaur egun Bartzelonan kokatuta dagoen Delorean laukoteak kontzertua egingo du bihar, zapatua; Baionako Lumi taldea izango da aurretik gaztelekuko agertokian.

Askotariko musika eraginak dituzten arren, indie-rock elektronikoa du ezaugarri nagusi gaur egun Ekhi Lopetegik, Unai Lazkanok, Guillermo Astrainek eta Igor Escuderok osatzen duten taldeak. 2001ean argitaratu zuten Silhouets lehenengo lana, segidan atera zituzten diskoetan gehienetan moduan, ingelesez abestuta. Iazkoan, berriz, Mikel Laboaren hainbat kanturen bertsioak batu zituzten; eta taldeko abeslari Ekhi Lopetegik kontatu du lan hori izango dutela bihar oinarri. "Ez da Delorean-en ohiko saio bat izango. Argiekin... ikuskizun polita egingo dugu, eta diskoko kantuez gainera, Laboaren beste hainbat ere joko ditugu. Lanak izan duen harrerarekin oso pozik gaude; aurreko astean MIM saria jaso genuen Madrilen".

La Basu berbetan eta kantuan

Betidanik poesia idatzi duela dio Elena Caballero, La Basuk (Etxebarri, 1983), eta 22 urterekin hasi zela rap giroan murgiltzen. Gazteleraz sortu zituen lehenengo kantuak baina euskarazko rap askorik ez zegoela konturatuta, 2015an Trakamatraka abestia sortu zuen Aneguriarekin, eta iaz kaleratu zuen euskaraz Ni naiz izotz erregina lana.

Lanez lepo ari da, baina, gaur egun bere momentu gozoena bizitzen ari dela dio, urte askotan borrokatu duena poliki-poliki lortzen ari dela gaineratuta. "Ezagutzen ditudan gauzei buruz idaztea gustatzen zait, eta askatasunaren inguruan bereziki hitz asko sortu ditut".

Emakumeak oholtza gainean egotea oso garrantzitsua dela dio. "Batzuetan existitzen ez garela dirudielako; bihar, Beti DJ eta Alazne Gutierrez izango ditut lagun. Esateko ere gauza asko ditugunez, oso baliagarria deritzot musika alorrean ere guri hitza ematea, gustura jardungo dut aspaldiko lagunekin gaurko mahai-inguruan berbetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak