Aditu talde batek eta ikus-entzuleek sare sozialen bitartez eman dituzten botoek erabaki dute jadanik zeintzuk diren euskaraz eta puntako teknologia, 4K ultradefinizioa, erabiliz egingo den lehenengo serie digitala grabatzeko ideia hoberenak aurkeztu dituztenak. Aukeratutakoak Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo ko-zuzendariak, Andoni Imaz eta Kepa Errasti dira, eta dagoeneko lanean ari dira euren proiektuen garapenean. Bideoan Kepa Errastik aurkeztutako proiektua.
Hilabete honen amaieran prestakuntza espezializatua eskainiko duen egoitza artistikoa hasiko dute Bilboko BBFn. Ikastaroa amaitutakoan, hiru finalisten artean bakarra aukeratuko da serie digitala grabatzeko. Ikus-entzunezkoa EITBn eskainiko da, eta horretaz gain nazioarteko jaialdietan eta Netflix edo HBO bezalako VOD plataformatan sartu ahal izateko nazioarteko merkatura ere zabalduko da. Antolatzaileek azaldu dutenez "proiektua asmo handikoa da, eta azkenean aukeratuko den seriearen denboraldi osoaren, sei kapituluren, grabazioa barne hartzen du".
Goi errendimenduko egoitza BBFn
Next Station lehiaketan aukeratutako lau gazte sortzaileak martxoaren 26an hasiko dira proiektuak garatzen Bilboko BBFn, Bizkaiko Berrikuntza Faktorian. Lehiaketan aurkeztu dituzten proposamenak hobetu ahal izango dituzte, ekoizpen azkarrerako dinamikekin eta ideiaren ibilbidea sare sozialetan testatuz; horretarako adituen laguntza izango dute: sinopsia, gidoiaren tratamendua eta euren serieetako pertsonaien psikologia landuko dira. Prestakuntza batez ere praktikoa izango da; edukiaren prototipoak egiteko eta ideiari bideragarritasuna emateko aukera izango dute, lehen kapituluaren gidoia idatziz.
Serie digitalen aldeko euskal apustuak, Luis Berasategi BBFko zuzendari eta Mondragon Unibertsitateko MIK (Mondragon Innovation & Knowledge) zentroko ikertzaileak, sortu duen metodologia propioa du.
BBFtik 2DEOra
Proiektu irabazleak aurrera jarraituko du bere garapenarekin 2DEOn, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan sortu den euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategi berrian. Bertan aurrera jarraitu ahal izango dute webseriearen 6 kapituluen gidoiarekin eta garapenarekin, Diego Urruchiren, Elbio A. Nielsenen eta Jokin Etcheverriaren, Next Station-en bultzatzaileen laguntzarekin, eta baita Joanes Urkixo gidoilariaren eta euskal zuzendari batzuen laguntzarekin ere. Serie digitala grabatu ostean, EITBn eta aipatutako beste plataformetan jarriko da ikusgai.