Elkartasun krosak, Bernat Etxepare Lizeoaren alde

Iker Oñate 2018ko mar. 16a, 10:01

Baionako Bernat Etxeparek abiatu duen diru bilketa kanpainan laguntzeko elkartasun krosak antolatu dituzte ibarreko ikastolek martxoaren 23rako. Hain zuzen, Oñatin, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Bergaran eta Arrasaten egongo da korri egiteko aukera.

Asteon aurkeztu dute Baionako Bernat Etxepare Lizeoari laguntzeko egitasmoa: martxoaren 23an elkartasun krosak egingo dituzte ibarreko bost herritan –Oñatin, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Bergaran eta Arrasaten–. Eta bultzatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte "elkartasun keinuarekin" bat egitera: "Kutsu herrikoia izango dute lasterketek. Herritar orok izango du parte hartzeko aukera". Hain zuzen ere, Bergarako Aranzadi, Oñatiko Txantxiku eta Leintz bailarako Arizmendi ikastolek bultzatu dute egitasmoa.

Interesa duenak, euro baten truke eskura dezake elkartasun kroseko dortsala. Eta Bernat Etxepare Lizeokoentzat izango da bertan bildutako dirua: "Herri guztietako elkartasun kutxak emango dizkiegu". Gainera, bultzatzaileek jakinarazi dute Baionako ikasleen "ordezkaritza zabala" izango dela Debagoieneko zenbait hitzordutan. "Bergarako eta Eskoriatzako ekintzetan esku hartuko dute", argitu dute.

Era guztietako ekintzak

Askotariko ekintzak antolatu dituzte egun horretarako; egitarau propioa du herri bakoitzak. Bada, goizean zehar egingo dituzte ikasleen krosak, eta, arratsaldean, gainerakoenak. Zehatz esanda, Oñatin, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten 18:00etan hasiko dute herri krosa; eta, Bergaran, aldiz, 19:00etan. Egunean bertan eskura daitezke horietarako dortsalak.

Esan moduan, martxoaren 23an izango da krosaz aparteko eskaintzarik. Tartean, bigarren eskuko azoka solidarioa egingo dute Bergarako plazan. Eta bertarako materiala biltzen dihardu Aranzadik: "Gura duenak, ikastolara bertara eroan dezake azokarako materiala".

'Hazten gaitu, hazten dugu'

Berriki, diru bilketa kanpaina jarri du martxan Baionako Bernat Etxepare Lizeoak, Hazten gaitu, hazten dugu izenpean. "Kontuan izan beharra dago bigarren hezkuntzako ikasketak euskaraz eskaintzen dituen beste lizeorik ez dela Ipar Euskal Herrian. Beraz, euskaraz ikasi gura duenak bertara joan beharra du", azaldu dute herri krosen bultzatzaileek.

Hori horrela, eskaintza pedagogikoa indartzeko hautua egin zuen lizeoak. Eta horretan dihardu 2016az geroztik; fase berrian, 300.000 euro lortu gura zituen horrek eskatutako inbertsioari aurre egiteko. Horretan laguntzea da kanpaina berriaren helburua. "Oraindik 50.000 euro behar dituzte hornidura guztiak lortzeko", diote antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak