Gaur aurkeztu ditu Arrasateko enpresak pilotarientzako jantzi berriak; Emakume Master Cup txapelketako pilotariekin batera, hainbat ordezkari egon dira ekitaldian: José Ramón Taranco Laboral Kutxako ordezkaria -Emakume Master Cup txapelketako babesle nagusia da kreditu kooperatiba-, Iker Amarika Emakume Master Cup txapelketako zuzendari teknikoa, eta Imanol Muñoz Astoreko marketin-zuzendaria.
Muñozek azpimarratu du pilotariek beraiek jantziak sortzeko prozesuan izan duten garrantzia: "Guk, Astoren, patroiak egin eta ehunak proposatu ditugu, baina emakume pilotariak arduratu dira prototipoak probatzeaz, eta feedbacka eman digute; horri esker, ekipamendu egokia diseinatu ahal izan dugu, euren premietarako egokia, alegia". Erabilitako oihalari garrantzia berezia eman dio Astorek; lehenengo lau oihalen artean aukeratutakoa gardenegia zela ikusita, bestela lau prototipo berri diseinatu zituzten eta Oñatiko eta Larrabetzuko pilotariek frogatu zituzten laginok. Proba horren ondorioz, Astorek neskatilentzako Lauterdi nesk modeloa ere sortu du.
Pilotarien mugimenduetara egokitzen diren diseinuak egin dituztela jakinarazi dute; praka eta kamisetaz gain, gona ere diseinatu dute. Izan ere, jakinarazi dutenez, pilotako araudiak aukera ematen baitu gona zein prakak jantzita jokatzeko.
Emakume pilotarientzat diseinatzen dituen lehen jantziak badira ere, Astorek badu pilota munduarekin harremana, izan ere, enpresa sortu zenetik -duela 30 urte-, pilotaren mundura lotuta egon da. "Ez da bide erraza izan, baina badugu esperientzia pilotarientzako ekipamendua diseinatzen, Aspe eta Asegarce enpresetako pilotariak janzten baititugu duela zenbait hamarkadatatik", esan du marketin-zuzendariak.