Hezkuntza publikoko langileak greba egitera deituta daude martxoaren 14an eta 15ean

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko mar. 12a, 14:37

Eguin eskolako gela bat 2017ko abenduaren 12an egin zen greban.

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek grebarako deialdia egin dute unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, aste honetarako. Hala ere, honetan ez da batasun sindikal osorik egongo. Izan ere, LABek bertan behera utzi ditu Heziketa Berezian, Sukalde eta Garbiketan eta Haurreskoletan deitutako grebak.

Irakasleak, Hezkuntza Bereziko hezitzaileak eta Haurreskolako Partzuergoko hezitzaile eta langileak eta Sukaldariak eta Garbitzaileak daude deituta martxoaren 14an eta 15ean greba egiteko. Iazko greben ostean, 2018rako greba egutegia iragarri zuten aipatutako hiru sindikatuek urtarrilean, Hezkuntza Sailari euren eskaerak aintzat hartzeko eskatuz.

LAB, ELA eta Steilas sindikatuen hasierako deialdia hezkuntza publikoko langile guztiei zuzenduta bazegoen ere, LABek Eusko Jaurlaritzarekin akordio lortu ostean, soilik irakasleen greba babestuko zuela iragarri zuen martxoaren 2an. Steilasek eta ELAk hasieran planteatutako deialdiarekin jarraituko dute.

LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Sukalde eta Garbiketan, eta LABek Haurreskoletan akordioak sinatu zituzten Jaurlaritza eta Partzuergoko zuzendaritzarekin. Era berean, Hezkuntza Bereziaren alorrean, beste bilera bat egitea adostu zuten, akordio batera heltzeko. LAB eta CCOO sindikatuek Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamenarekiko "adostasuna" erakutsi zuten eta Steilasek denbora gehiago eskatu zuen. 

Mobilizatu diren lau sektoreen aldarrikapenak -ELA sindikatuaren arabera-

  • Irakasleetan: matrikulazio hazkunde, ratio igoera eta heziketa premia bereziei aurre egiteko beharrezko liratekeenak baino 1.800 irakasle gutxiagorekin ari dira lanean, %38ko behin-behinekotasuna dago eta ordezkapenik ez da egiten, edo astebetera egiten dira. Honen aurrean Jaurlaritzak plantila gehikuntzarik gabeko, behin-behinekotasuna %31ean uzteko eta ordezkapenak lehen egunetik soilik Haur eta Lehen Hezkutzan egiteko proposamena jarri du mahai gainean.
  • Sukalde eta garbiketan: sektorearen %90 pribatizatuta dago, eta gainerako %10a pribatizatzeko arrisku larrian, %64ko behin-behinekotasuna eta 55 urtetik gorako bataz besteko adina duen plantilarekin. Geroz eta lan karga handiago eta konplexuagoak dituzte, eta sektore publikoko soldata baxuenak (hezkuntzako bataz besteko soldatak baino %35 txikiagoak). 70 langile inguruk lan iruzurreko kontratuak dituzte. Egoera honen aurrean Jaurlaritzak ez du behin-behinekotasuna jaisteko neurri zehatzik plazaratu, ez lan kargak nabarmen arintzeko neurri eraginkorrik edota sektore honetako emakumeek jasaten duten soldata arrakalari aurre egiteko proposamenik gauzatu ere.
  • Heziketa Berezian: %58ko behin-behinekotasun maila dago, plantilaren %90 osatzen duten hezkuntza laguntzaile espezialistek, hezkuntza lana egin arren, hezkuntzako bataz besteko soldatak baino %22 gutxiago kobratzen dute; ordezkoek ia urte osoa lan egin arren ez dute uda kobratzeko eskubiderik; heziketa premia bereziak dituzten ikasleak ezartzeko irizpideak asko gogortu dira; lan kargak eta lanaren konplexutasuna nabarmen hazi dira; eta emakume hauetako askok 35 ordutik erabat aldentzen diren lanaldiak dituzte, 37,5 ordu edo gehiagokoak, batzuetan 40,42 eta 45ekoak ere eta %20k lanaldi partziala dute. Arazo hauei buelta emateko behar adinako neurririk ez du planteatzen Jaurlaritzak, behin-behinekotasuna %34an utzi eta asteko gehienezko lanaldia 37,5 ordura mugatuz soilik. Langile hauek egiten duten hezkuntza lanaren aitorpen formaletik haratago lan honen benetako aitortza albo batera uzten du.
  • Haurreskoletan Partzuergoaren beraren etorkizuna dago jokoan hileko kuota altuen ondorioz (210€ hilean) eta azken urteetako matrikulazio beherakadaren ondorioz. Ehunka emakumek galdu dute lanpostua edo tokiz aldatuak izan dira, %41ek behin behineko kontratua dute, gehiegizko haur ratioak dituzte geletan, lan kargak nabarmen handitu dira eta hezkuntzako bataz bestekoa baino %12 gutxiago kobratzen dute. Egoera hauei aurre egiteko neurririk ere ez dago mahai gainean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak