Vene Herrero (aktorea): "Gizartearen egoera bera bizi dugu aktoreok ere"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko mar. 9a, 15:27

Arrasateko Vene Herrero aktorea La casa de Bernarda Alba antzezlanean. Argazkia: Tere Ormazabal

Bilboko Zorrotzaurre auzoan dagoen Pabiloi 6 sormen-guneak abiarazi zuen iazko urtarrilean helduentzako antzezlan ezaguna. Arrasateko Amaia antzokian eskainiko dute, bihar, zapatua 19:30ean eta domekan Oñatiko Santa Ana aretoan, 19:00etan. 

Taularen gainean, zortzi emakume, horien artean, Arrasateko aktore Vene Herrero dago, Bernardaren paperean sartuta. Leihatiletan eta on line ere eskura daitezke sarrerak: Arrasate.eus eta Bibe.me atarietan.

Orain arte, Pabiloi 6 gunean eskaintzen egon zarete, eta kanpoko lehengo emanaldiak asteburuan Debagoienean egingo dituzue.

Urduri samar gaude, egia esan. Orain arte, oso harrera ona izan dugu gure etxean eta Euskalduna Jauregian ere bai. Izan ere, publikoaren iritzia eta erantzuna oso ona izan da. Hunkituta atera dira ikusle asko.

Zeri buruzkoa da?

Lorcak gai batzuk kontrajartzen ditu antzezlan horretan, batez ere, askatasuna, ankerkeriarekin. Oso autoritarioa den ama batek bost alaba dauzka, eta halako baten, ala+ba gaztea, amaren aurka altxatzen da.

Bernarda zara, nolakoa da?

Rol maskulinoa hartzen du. Kontuan izan behar dugu, baina, garai hartan ereduak oso maskulinoak zirela; dituen ereduak bere aita eta aitona dira. Bost alabekin gain, amarekin eta Poncia neskamearekin bizi da. Herri hartan aberatsak ziren, baina handik kanpo ez horrenbeste.

Obra originaletik gertu dago eskaintzen duzuena?

Testuari leiala da. Esentzia hartu dugu; Lorcak oso ondo idatzi zuen eta ez dauka aldaketa beharrik. Pertsonaiak ere oso ondo eraiki zituen. Etxe barruan gertatzen da dena, modu baten esanda, kartzela moduko bat da, pertsonaiendako etxea.

Zortzi emakume taularen gainean. Zeintzuk dira?

Oso onak dira denak, ibilbide luzekoak. Zuzendaria, eta aldi berean aktorea, Itziar Lazkano da, –antzerkian, zineman eta telebistan egin du lan, adibidez, Vaya Semanita saioan. Pabiloi 6 sormen-gunekoek Itziarri deitu zioten lana zuzentzea proposatuz, eta hark osatu zuen gero taldea. Honako hauek daude agertokian nirekin batera: Olatz Ganboa (Adela); Idoia Merodio, (Poncia); Nagore Navarro (Angustias); Carmen Pardo (Maria Josefa eta neskamea); Aiora Sedano (Amelia); eta Leire Orbe (Magdalena).

Nori gomendatuko zenioke?

Helduentzako da, eta gazteentzako ere aproposa da. Egia da urteetan zehar generoen arteko berdintasunaren inguruan egoera batzuk aldatu egin direla, baina nondik gatozen ikusteko baliagarria da. Hala ere, berdintasuna lortzeko, oraindik ere, bide luzea dugulakoan nago.

Zelan ikusten duzu emakume aktoreen egoera?

Antzerkia edo zinema ez dira gizartearekiko ezberdinak, gizartea islatzen dute eta; hortaz, gizartean dagoena, horrelakoa da aktoreen egoera.

Bitxia da, institutuan egin zenuten La casa de Bernarda Alba-ren irakurketaren ondoren erabaki zenuen aktore izan nahi zenuela.

Ba; hala, da. Gasteizko antzerki talde batekin jardun nuen gero urtebetez, eta ondoren, Madrilera joan nintzen RESADra –Arte Dramatikoko Errege Goi Eskola–. Ikasketak bukatu eta segituan hasi nintzen lanean antzerkian, telebistan, zineman eta askotariko taldeekin ere bai. Geroago, doktoretza egin nuen eta 30 urte Arrasatetik kanpo bizi ondoren etxera itzuli nintzen. Gaur egun, Doke antzerki taldean jarduten dut, oso gustura; sekulako oparia da talde horren parte izatea. Horrez gainera, Bilbon dagoen Dantzerti Euskal Antzerki Eskolan eskolak ematen ditut.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak