Lankidetza hitzarmena sinatu dute goizean Aretxabaletako Lanbide Eskolak eta Fagor Industrialek

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko mar. 6a, 13:30

Aurrera begirako lankidetza esparru egonkor bat ezartzeko helburuz, hitzarmena sinatu dute goizean Aretxabaletako Lanbide Eskolak eta Fagor Industrialek. Eskolako zuzendari Joseba Beristainek eta Fagor Industrialeko pertsonaleko zuzendari Gema Mancebok eman diote hasiera kolaborazioari.

Aretxabaletako Lanbide Eskolak eta Fagor Industrialek lankidetza hitzarmena sinatu dute, Oñatiko Fagor Industrialeko egoitzan.  Bi erakundeetako ordezkariak elkartu dira  aurrera begira, lankidetza esparru egonkor bat ezartzeko helburuz. Hauxe azaldu du eskolako zuzendari Joseba Beristainek: “Hitzarmena oinarrituko da batez ere ikasleen praktiketan; formazio duala landuko da, lan praktikak landuko dira. Baita ere ikasleen praktikan hain beharrezkoak diren baliabide eta ekipamenduak askotan ikastetxean eskura ez ditugunak, Fagor Industrialen bitartez eskuratu ahal izango dira, eta horiek ikasleen formazioan gehigarri bat ekarriko dute.”

Esperientzia positiboa

Iazko ikasturtean, esaterako, Aretxabaletako Lanbide Eskolan erdi mailako zikloak ikasi zituzten bi ikasle izan ziren Fagor Industrialen lan praktikak egiten, eta beste bat dual formazioaren bitartez. Aurten, berriz, erdi mailako ziklo bat egin duen ikasle bat izango da lan praktiketan, eta bi dual formazioan ibiliko dira.

Enpresako pertsonaleko zuzendari Gema Mancebok hauxe adierazi du aurreko esperientziei buruz: “Gure esperientzia beti ona izan da. Guk hemen gutxi gorabehera 80 pertsona dauzkagu soldadore lanpostuetan. Beraz, guretzako urtero ikasleak praktikak egitera ekartzea oso baliagarria da. Izan ere, askotan pertsona horiek praktikak bukatu eta gero kontratatuak izan dira”.

Aretxabaletako Lanbide Eskolatik adierazi dute gaur egun eurena dela Debagoienean Soldadura eta Eraikuntza Metalika zikloak eskaintzen dituen bakarra, eta Mancebok gaineratu du momentu honetan bailaran soldadore gutxi daudela, eta horregatik, oso garrantzitsu ikusten du ikastetxearekin harreman zuzena izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak