Berriro erabil daitezkeen objektu txikiak edukiontzi zurira bota ahal izango dira aurrerantzean

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko ots. 27a, 15:53

Apurtuta eta hondatuta dauden arropa eta zapatez gain, erabiltzeko moduan dauden objektu txikiak ere bota ahal izango dira aurrerantzean edukiontzi zurira. Gero, gizarte izaera duen Emaus enpresak bildu eta kudeatuko du jasotakoa.

Edukiontzi zurietan apurtuta eta hondatuta dauden arropa eta zapatez gain, berriro erabili daitezkeen objektu txikiak ere bota ahal izango dira aurrerantzean. Horixe jakinarazi dute Debagoieneko Mankomunitatean egindako prentsaurrekoan.

Gero, gizarte izaera duen Emaus enpresak bildu eta kudeatuko du jasotakoa. Izan ere, Debagoieneko Mankomunitateko gobernu juntak hilaren 20an erabaki zuen Emausi adjudikatzea hurrengo lau urtetarako, erabilitako arropa, zapata eta objektu txikien bilketa eta kudeaketa.

Bailaran erabilitako arropa eta oinetakoak 65 edukiontzitan jasotzen dira gaur egun. Iaz, 436 kilotik gora jaso ziren guztira, ia 7 kilo biztanleko eta urteko; hain justu ere, 2016an baino 600 gramo gehiago jaso ziren iaz biztanleko eta urteko.

Datu horiek adierazgarriak direla azaldu du Arregik, Gipuzkoakoekin alderatzen baldin badira. Izan ere, 2016an, esaterako, Gipuzkoan 4,46 kilo batu zen bataz beste biztanleko eta urteko. Horregatik, beste frakzioetan gertatzen den moduan, kasu honetarako herritarrek egiten duten lana "oso inportantea" dela gaineratu du Arregik.

Bestetik, kontratu berriak, erabilitako arropa eta objektu txikiak biltzeaz gain, prozesuaren fase guztiak txartatzen dituela adierazi du Mankomunitateko presidente Unai Elkorok, eta gaineratu du Mankomunitatearen helburuetako bat den enplegagarritasunerako zailtasun bereziak dituzten pertsonen txertatze laborala sustatuko dela kontratu berriarekin.

Zerbitzuaren kostua gutxitzea ekarri du gainera kontratu berriak; 128.000 euro izatetik, 33.000 eurora jaitsi da. Eta Elkorok debagoiendarrak zoriondu ditu bilketa selektiboan egindako ahaleginak onurak ekarri dituelako bai ingurumenean, eta baita arlo ekonomikoan ere.

Emauseko Gipuzkoako zuzendaria ere pozik azaldu da. Hauxe esan du Javier Pradinik: “Ekarpena lehiaketak eskatzen zuen bi zentzutan egiten dugu: batetik, gizarteratze enpresa izateagatik, eta bestetik, elementuak berriro erabiltzea sustatzeagatik”. Hilabete barru espero dute martxan jartzea bilketa eta kudeaketa modu berria.

Itxura batean errefusa direla eman ditzaketen gauzak, edukiontzi zurira bota ostean, errekurtso bihurtuko dituzte, beraz, aurrerantzean Emausekoek. Eta horiek Arrasateko Ekocenterrean eskuratu ahal izango dira, ekonomia zirkularra bultzatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak