Tokiko kazetaritza digitalaren erronkez gogoeta egin dute Tokikomeko kideek Arrasaten

Miren Arregi Amasorrain 2018ko ots. 26a, 14:50

Mundua aldatzen ari da, eta horren erakusle da teknologia berrien eta komunikazioaren sektoreak etengabe jasaten duen eraldaketa. Kazetaritza digitala egiteko eta kontsumitzeko moduak asko aldatu dira azken bost urteotan –mugikorrak dira gaur egun erabilienak– eta horrek, tokikoa eta euskarazkoa denaren gainean ezinbestez hausnartu beharra ekarri du. Gaur egin dute hori, Arrasateko Kulturaten, Tokikom plataforma erabiltzen duten 16 hedabide digitaletako langileek. Urte bukaerarako, plataforma hori berritu egingo dute.   

2012an eratu zen Tokikom eta urte hartan sortu zen Tokikom plataforma, toki komunikabideen bertsio digitalaren euskarri dena. Sei urte geroago, baina, sistema horrek berritu beharra duela ohartu dira eta gaurko saioa, berrikuntza horrek zer nolakoa izan behar duen hausnartzeko baliatu dute. Jardunaldietan parte hartu dute Tokikom osatzen duten hainbat komunikabideetako langileek. Han izan dira Arabako Aleako kideak, Nafarroako Ttipi-ttapakoak, Bizkaiko Anboto aldizkariko langileak, Goienakoak eta abar. Oinarrian, plataformarekin lan egiten duten komunikabideak.

Adituen hitzaldiak

Etorkizunari begira ipintzeko lan horretan, Tokikomeko langileek, hainbat adituren laguntza izan dute gaur. Esaterako, Ramon Salaberriak, Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio fakultateko irakasleak, kazetaritza digitalaren joerez egin du berba. Vicomtech-eko Xabier Garcia de Kortazar ikus-entzunezko digitalaren erronkaz mintzatu da eta marketing digitalean aditu den Only Media Web enpresako Xabier Jimenezek sareko publizitatearen gaineko xehetasunak eman ditu.

Plataforma berria

Horrek guztiak, badu helburu zehatz bat eta da, Tokikom plataforma berritu egingo dela. "Bost urte interneten urte asko dira eta aldaketa beharra sumatu da, mugikorrek inpaktu handia izan dutelako hedabideetan eta hori horrela, informazioa modu berrietara egokitu beharra dago. Horregatik, diseinuak egokitu behar dira, baita informazioa eta zerbitzuak kudeatzeko moduak ere. Plataforma teknikoa berritu egin behar da", dio CodeSyntax enpresako ingeniari Josu Azpillagak.

Aldaketa graduala izango da, baina aurten apustu gogorra egingo da arlo horretan eta zati handienak urte bukaerarako martxan egotea da asmoa. Bisualki gauzak sinpleagoak, garbiagoak eta azkarragoak izango dira plataforma berrian.

Komunitatea indartu

Duela bost urteko gogoeta horretan garrantzitsua ikusi zen komunitatea. Tokiko eragile, talde eta norbanakoen ekarpenak jasotzea eta horiek isla edukitzea komunikabidean. "Orain beste buelta bat eman gura zaio, hasierako komunitatearen ideia hark balekoa izaten jarraitzen du, baina horretarako aldaketa teknologikoak egin behar dira eta komunikatzeko orduan ere aldaketak etorriko dira", nabarmendu du Azpillagak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak