Edesa Industrialeko eta Geyser Gastecheko langileek agerraldia egin dute bizi duten egoeraren berri emateko. Salatu dute CNA Groupen jabe den Jorge Parladek albo batera utzi duela Edesarako zeukan proiektu industriala, eta ez duela nahi beste proiektu batzuk garatzen uzterik. Langileen bozermaile moduan, Edesa Industrialeko Langile Batzordeko presidente Rikardo Perezek; Geyser Gastech-eko Langile Batzordeko presidente Jesus Lasak; ELAko ordezkari Agustin Calerok; eta LABeko ordezkari Xabier Arrietak hartu dute hitza.
Gauzak horrela, adierazi dute langileei esan zietela inbertsore berrien sarrera erraztuko zutela, baina gezurretan ari direla salatu dute gaur. Izan ere, langileek egin dituzte bilerak inbertsore potentzialekin, eta horiek esan diete egungo jabeak sekulako oztopoak ari direla jartzen. "Beraien plan bakarra, enplegurik sortuko ez duen plan komertzial baten bitartez konkurtsotik irtetea da", adierazi du Edesa Industrialeko Enpresa Batzordeko presidente Rikardo Perezek, eta gaineratu: "Alternatibarik ez dagoen aitzakiapean, enpresara gerturatu diren eta interesatuta dauden inbertsoreak uxatu dituzte. Guzti hau, Alfonso Gomez administratzailearen adostasunarekin". Zentzu horretan, administratzaile konkurtsalari eskatu diote ez izateko ''desindustrializazioaren'' konplize.
Langileek jakinarazi dute, era berean, konforterako, linea zurirako eta eltzeetarako badaudela jardun industrialarekin jarraitzea ahalbideratuko lukeen interesatuak.
Egoeratik irteteko bidea, likidazioa
Rikardo Perezek gaineratu du enpresak ez badu proiektu enpresarial bat martxan jartzeko borondaterik, egin dezakeen onena likidazaiora eramatea dela: "Horrela negozioan interesatuta dauden beste enpresa batzuek hartu ahal izango lukete ekoizpen unitateen jabetza. Edesa Industrialen hartzekodunei, eta batez ere Mondragon Taldeari eta Fagor S. COOP-i dei egiten diegu, desindustrializazio plana ekiditeko, ez dezatela inongo akordio egin". Hori bai, azpimarratu dute likidazioa ez dela langileen helburua, baina bai egoerari irtenbidea emateko tresna.
Mondragon Taldeari eskaria
Fagor markaren inguruan ere egin dute berba langileek: "Gure ustez, CNAk Txinan fabrikatuz eta hemen proiektu industrialik gabe, ez du Fagor marka erabiltzeko eskubiderik. Baina aldi berean, uste dugu Fagor S. Coop-ek marka utzi beharko lukeela, bailaran enplegua sortzeko proiektu industrialari bide emanez, enplegua sortuz eta Euskal Herrian aberastasuna sortuz".
Gainera, Mondragon Taldeari kolaboratzeko eskatu diote proiektu berriak gauzatu ahal izateko edo lanik barik geratzen direnen birkokapena bultzatzeko. Eusko Jauralaritzaren eta Foru Aldundien inplikazioa ere eskatu dute.
Epeei dagokienez, langileen ordezkari sindikalek azaldu dutenez eguazten honetan, otsailaren 28an amaitzen da enplegua suntsitzeko espedientearen kontsulta epea, eta hortik aurrera epailearen esku geratuko da noiz gauzatzen diten kaleratzeak. Administratzaile konkurtsalak bere aldetik, martxoa erdialderako jakinaraziko du bere txostena.
Behin agerraldia amaitutakoan, langileek elkarretaratzea egin dute Mondragon Taldearen egoitzaren kanpoan.