Arizmendiko ikasleen ordezkariek salatu dute IA-ren aldarrikapenek ez dutela ikasleen gehiengoa ordezkatzen

Xabi Gorostidi 2018ko ots. 19a, 13:17

Ikastolako DBH 3. eta 4. mailako, eta Batxilergoko ikasleen gela ordezkariek oharra kaleratu dute, Ikasle Abertzaleak taldeak iragarritako mobilizazioen ataritan. Salatzen dutenez, IA-ko kideek hasieratik egin zioten uko greba araudia berritzeko prozesuan parte hartzeari.

Barikuan egin zuten prentsa agerraldia Ikasle Abertzaleak taldekoek Arizmendi Ikastolaren greba araudia dela eta. Ostegunerako mobilizazio nazionala dago iragarrita, eta horren harira, prentsa oharra kaleratu dute ikasleen gela ordezkariek.

Bertan azaltzen dutenez, greba araudia berritzea ikasturte honetako plangintzan zehaztuta zegoen, eta ez da Ikasle Abertzaleak-en "presioaren" ondorioz martxan jarri. Araudi berriko proposamenak jorratzeko lan-talde bat eratu zen, eta salatu dutenez, Ikasle Abertzaleko kideek ez dute bertan parte hartu nahi izan. "Talde horretan ikasleen gela ordezkariak daude, baina gaiarekin interesa duen edonork izan du bertan parte hartzeko aukera" azaldu dute ikasleen ordezkariek. 

Horrez gain, IA-ko kideek erabilitako formak ere kritikatu dituzte: "Ikasle abertzaleak eta ordezkarion helburua berdina da, greba araudia aldatzea, gure eskubidea aldarrikatuz. Baina, moduak eta moduak daude hori egiteko. Gainera, ez dugu uste beharrezkoa denik informazio zehatzik eduki gabe,  komunikabideetan guri buruzko berriak zabaltzea eta pintadak egitea".

Irudia: Asteburuan Arbolapetan agertutako pintaketa.

IA-k salatu du greba araudia berritzeko prozesua nahita luzatzen ari dela, baina ikasleen ordezkarien ustez mobilizazioekin prozesua gehiago luzatzea lortzen ari dira.

Jarraian, ikasleen ordezkariek komunikabideetara bidalitako oharrean nabarmendu nahi izan dituzten bost ideiak:

  • Greba araudia aldatzeko prozesuaren hastapenak ez ziren aurreko ikasturtean eman, soilik proposamenak izan ziren. Hori dela eta, aurtengo ikasturte hasieran, urtean zehar landuko genuen plangintza zehaztu zen, eta orain dela hiru aste inguru hasi ginen prozesua martxan jartzen. Gainera, argitu beharra dago, ez dela izan Ikasle Abertzaleek sortutako presioagatik, ikastolan aurreikusita baitzegoen araudia aldatzea.
  • Ikasle abertzaleak eta ordezkarion helburua berdina da, greba araudia aldatzea, gure eskubidea aldarrikatuz. Baina, moduak eta moduak daude hori egiteko. Gainera, ez dugu uste beharrezkoa denik informazio zehatzik eduki gabe, komunikabideetan guriburuzko berriak zabaltzea eta pintadak egitea.
  • Horretaz gain, prozesu hau ez da egun batetik bestera gauzatzen. Kooperatiba bat garen heinean, ez dago bakarrik ikasleon esku, gurasoak eta irakasleak ere hartzen dute parte erabakian. Hala ere, gu izan gara prozesua aurrera eraman duguna.
  • Bestalde, jakin nahi dugu zein den mobilizazio horren helburua, prozesua jada martxan baitago. Argi utzi nahi dugu, astero geratzen saiatzen garela; izan ere, gure helburua ez da prozesua atzeratzea.
  • Aurreko puntuarekin lotuta, Arizmendiko ikasleak ez direnei ez die zuzenean
    eragiten, beraz, ez diogu zentzu asko hartzen deialdi hori nazionala izateari.

Arrasateko Gaztetxearen babesa

Gaiarekin lotuta, Arrasateko Gaztetxetik oharra helarazi dute Ikasle Abertzaleen aldarrikapenekin bat egiteko, eta osteguneko mobilizazioan parte hartzea eskatzeko.

Hona hemen komunikabideetara bidalitako oharra, bere osotasunean:

"Mezu honen bidez Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuak babesa adierazi nahi dio ostegun honetan egingo den ikasle manifestazioari.

Ikasle Abertzaleak antolakundeak manifestaziorako deialdia egin du ostegun honetarako Arrasaten, 12:30etan Laubide Plazatik hasita. Ikasleek hainbat proposamen eskatzen dizkiote Arizmendi Ikastolari (%25eko desbinkulazio neurria ezabatzea, jardun politikoa naturaltasunez egin ahal izatea, 4. DBHko ikasleek parorako eta grebarako eskubidea izatea...) eta hauek gauzatu arte borrokan jarraituko dutela argi erakutsi dute azken asteetan.

Besterik gabe, AGAKOk babesa adierazi nahi dio manifestazioari eta honekin batera, Arrasateko gazteei (eta ez hain gazteei) deialdi honekin bat egiteko deia egiten diegu!".

Irudia: Ferrerias kalean egindako pintaketa osteguneko mobilizazioak iragartzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak