Arizmendik daukan greba araudia “onartezina” dela azaldu du IA-k; hori horrela, azkeneko hilabeteetan araudi hori aldatzeko borrokan dihardutela azaldu dute gaur eskainitako prentsaurrekoan. “Araudi hori baliatuta, grebak sistematikoki boikoteatu izan dira; izan ere, %25eko desbinkulazioa lortuz gero, greba ez da irteten, nahiz eta gainerako %75ak aldeko botoa eman. Egoera hori probokatzeko, atzeratu ezin omen diren azterketak jartzen dituzte greba egunetan, xantai gisa”, gaineratu dute. Une honetan, Arizmendi sistema kapitalistan “guztiz txertatutako” tresna bat gehiago dela salatu dute, “horren erreprodukzioan paper garrantzitsua jokatuz”.
Bileran "emandako hitza"
IA-ko ordezkariek azaldu dute, otsailaren 1ean Arizmendiko ordezkariekin egindako bilera batean "hitza eman" zietela hiru hilabeteko epean greba araudia aldatuko zela; baina, azkeneko asteetan Arizmendikoek urratsik egin ez dituztela ikusita, manifestazio nazionala deitu dutela.
Manifestaziorako deia “ikasle iraultzaileen ahalduntze ariketa bat” dela esan dute, eta gaineratu dute ez dutela onartzen “grebarako aukera errealik ez izatea”. Hori horrela, zilegizko duten ezer ez dutela negoziatuko diote. IA-ren exijentziak dira:
- %25eko desbinkulazio puntua desagertzea
- Etenaldiak egin ahal izatea grebako baldintza berdinekin
- DBHko 4. mailako ikaskideek etenaldirako eta grebarako eskubidea izatea
- Greba egunak azterketa egun batekin bat eginez gero azterketa atzeratzeko eskubidea
- IA-ko militanteek askatasunez egin ahal izatea euren lan politikoa ikastetxean (aurkezpenak, bilerak…)
Jardun politikoa
Azkenik, azaldu dute ez dutela onartuko IA-ko militanteekiko inolako jazarpenik edo presiorik, eta horren harira esan dute IA-ren "jardun politikoa oztopatzeko" saiakerak izan direla Arizmendin; besteak beste, IA-ren aurkezpena egitea galaraztea –horretarako gurasoen idatzizko baimena exijituz–.
Manifestazioa
Hilaren 22an mobilizazio nazionala egingo dute Laubide plazatik irtenda, 12:30ean.
Arizmendiko zuzendaritza
Arizmendiko zuzendaritzak azaldu du barne prozesu parte-hartzaile bat sortu dutela, non gurasoek, ikasleek eta profesionalek osatutako talde batek izango duen araudi berria ontzat emateko ardura. Araudian aldaketak proposatzeko, hamahiru geletako ikasle ordezkariekin eta bi irakaslerekin osatutako lantaldea osatu dute. Ikasle Abertzaleak taldeak ez du bertan ordezkaritza zuzenik.