Euri-urendako Epeleko depositu berria, bukatuta

Miren Arregi 2018ko ots. 16a, 13:10
Epeleko konpostatze planta.

Bukatu dira Epeleko konpostatze plantan ur depositu berria egiteko lanak. 360.000 euroko aurrekontuarekin, Murias eraikuntza enpresak egin ditu horiek. Konpostatze plantaren ustiaketa egingo duen enpresa aukeratzeko prozesuan da orain GHK.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko (GHK) arduradunak pozik dira, lanak hasi zirenetik hiru urte pasatu direla, Epeleko konpostatze plantaren ustiapena esleitzeko puntuan dagoelako. Prozesua gorabeheratsua izan da, aurreko agintaldian EH Bilduk martxan jarritako proiektuan "akatsak" atzeman baitzituen Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak. Hori horrela, txosten teknikoa eta txosten juridikoa eskatu zituen kontsorzioko Administrazio Kontseiluak, "akats" horiek zeintzuk ziren zehazteko. Txostenak ondorioztatu zuen, besteak beste, euri-uren deposituak ez zuela behar besteko edukierarik. "Beste arazo batzuk ere antzeman ziren baina hori zen arazo nagusia", diote hondakinen kontsorzioko iturriek.

Hala, iaz irailean esleitu zitzaion Murias eraikuntza enpresari Epeleko Konpostatze plantaren prozesu-depositua handitzeko obra kontratua. 360.000 euroko aurrekontuarekin, 12 asteko epea izan du enpresak lanok egiteko, eta, depositu berria bukatuta, konpostatze plantaren ustiaketa zein GHKren jabetzako makineriaren ustiapen, mantentze eta kontserbazioa eta konpostaren salmenta esleitzeko prozesua berrabiatu dute. Lan hori egiteko bost enpresak aurkeztu zuten euren burua iazko martxoan publiko egin zen lehiaketara. Ur depositua handitzeko erabakia hartu zutenean, baina, bertan behera gelditu zen prozesua, "berme guztiekin eta lan guztiak bukatuta daudenean egin behar baita ezinbestez adjudikazioa". Orain, aurkeztutako "proposamenak baloratzen" ari dira eta "aurki" emango da aditzera kudeaketa egingo duen enpresaren izena –une honetan GHK-k egiten du hori–. Kontratuaren aurrekontua 4.908.000 euro da, BEZ barik. 

Debagoienetik Epelera 

Bien bitartean, Epeleko konpostatze planta frogaldian da eta nahiz eta ez dagoen %100eko jardunean –%40an dago–, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren txosten baten arabera, 2017an –urtarriletik urria bukaerara bitartean– 4.141 tona bio-hondakin batu ziren eta horietatik 1.843 tona konpost sortu. Txosten horrek dio, gainera, sortutako 1.843 konpost tona horietatik 953,46 tona saltzea lortu zela, hau da, sortutako konpost kopuruaren erdia.

Une honetan, Debagoienean sortzen den organikoaren %60 doa Epeleko konpostatze plantara. Azken bi asteetan Debagoienetik kanpoko konposta ere eroan dute Epelera, baina ez da ohikoena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak