Oharraren arabera, "udaltzainak orain artean ezezagunak izan diren arrisku egoerak bizitzen ari dira; jada ez direnak hiriguneetan soilik gertatzen". Besteak beste, honako hauek zehaztu dituzte: "Hilketa saiakerak suzko armekin, labankadak drogekin erlazionatutako kasuetan eta borroka jendetsuak festa guneetan".
Erne-Udaltzaingoak esan duenez, "oraingo udaltzainek ez dute zerikusirik antzinako aguazilekin". Sindikatuaren arabera, udaltzainak dira "lehenengo protagonistak gero eta ohikoagoa den gertuko delinkuentziaren kontrako borrokan". Udaltzainak sarri dira lehenengoak gertakaria izandako lekuan, baina Ernek salatzen duenez, "arduradunek ukatu egiten dizkiete formakuntza, baliabideak eta prebentzio edo babes teknika egokiak".
Arrasateko kasua
Idatzian zehaztu dutenez, Arrasaten, Buruzagitzak hiru txosten bidali dizkio Arrasateko Udal Gobernuari -2016an, 2017an eta 2018an-, "espresuki arauzko armak eskatuz, gaur egun bizi dituzten mehatxu eta arrisku egoerei aurre egiteko".
Erneren arabera, "adostasun politikorik eza" da Arrasateko Udal Gobernuak erabili duen "aitzakia" udaltzainei arauzko armak ukatzeko. Eta oharrak gaineratzen du "interes politikoak ezin direla herritarren eta polizien ongizatea eta segurtasunaren gainetik egon".
Bulegoetako errealitatea herritarrek eta poliziek kalean bizi dutenaren oso ezberdina dela argudiatuz, mezu garbia bidali nahi izan dute: "Segurtasunarekin ez da jolasten".