Kiroldegietan, abonatu gehiago

Xabi Gorostidi 2018ko ots. 9a, 10:00

Azken urteetako tendentziarekin jarraituz, bailarako kiroldegiek gero eta abonatu gehiago dituzte. Une honetan 18.000 abonatutik gora daude Arrasateko, Oñatiko, Bergarako, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Elgetako Kiroldegietan zehar banatuta

Bizitza osasuntsua izatea eta nork bere itxura zaintzea gizartean gero eta hedatuago dauden bi joera dira. Horiei lotuta, kirola egitea ezinbesteko baldintza da, horrek dakartzan onurak ugariak direlako: kaloriak erretzeko balio du, muskuluak eta hezurrak indartu egiten dira, eta kolesterola zein hipertentsioa baretzen ditu. Baina ez hori bakarrik, estresa kentzeko modu eraginkorra da, eta ondo lo egiteko baliagarria izan daiteke atseden hartzeko zailtasunak dituztenentzat.

Gizartean gero eta sustraituago daudela esateko hainbat adierazle daude, baina horietako bat kiroldegiek duten erabiltzaile kopurua da. Debagoienaren kasuan, kiroldegietako abonatu kopuruak gora egin du azken urteetan, eta gaur egun eskualdeko herri handienetan 18.000 abonatutik gora daude. Ondorengo lerroetan, herri bakoitzaren egoera eta argazkia erakutsiko du GOIENAk.

Arrasaten %2,5 gora

Arrasateko Kirol Zerbitzuak gaur egun 5.170 abonatu ditu, iaz baino 128 gehiago. Abonuak hilekoak edo urte osokoak izan daitezke, eta horietan hiru modalitate daude: lehorra, hezea eta aurreko biak bateratzen dituen Plus modalitatea.

2018ko urtarrileko datuak iazkoekin alderatuz gero, Plus modalitateak izan du igoera nabariena (%11,7), iaz baino 175 abonatu gehiagorekin.

Kirol Zerbitzuak eskaintzen dituen ikastaroei dagokienez, k-stretcha eta spinninga dira arrakasta handien dutenak, eta, helduen kasuan, igeriketa eta pilatesa dira gustukoenak.

Oñatin, 5.000ko langa helburu

Oñatiko Zubikoa kiroldegian 5.000 abonatuko zifratik gertu daude. 2017ko abenduko datuei erreparatuta 4.896 abonatu daude herrian, eta, bertako arduradun Oscar Carrascalek esandakoaren arabera, 2018an 5.000 abonatutik gora izatea espero dute. Txantxikuarren kasuan, abonuak urte osokoak edo urte erdikoak izaten dira.

Arrakasta handien duten ariketak fitnessa eta gimnasia ekintzak dira. Hala ere, ur ekintzak eta ikastaroak ere arrakastatsuak direla azpimarratu du Carrascalek. Datu batzuk ematearren, fitnessak eta gimnasia ekintzek 5.600 erabiltzaile izan zituzten 2017an. Ur ekintzek eta igerilekuko ikastaroek, aldiz, 4.425 erabiltzaile.

Bergaran gorabeheratsu

Bergarako Agorrosinen 3.647 bazkide zeuden urtarrila bukaeran. Azken urteetako datuei erreparatuz, bazkide kopuruan tendentzia argiak daude urteko sasoiaren arabera. Urte hasieran kopuru baxuenetarikoa izaten dute, baina, uda gerturatzeaz bat, gorantz joaten da. Udatik abendura, aldiz, bazkide kopurua progresiboki jaisten da.

Jarduera arrakastatsuenak pilatesa eta cycling-a dira. Hala ere, haurren igeriketak ere oso harrera ona du bergararrengan, hilabeteko 300 haur erakartzen ditu eta.

Aretxabaletan, gora etengabe

Aretxabaletako Ibarra kiroldegian 3.082 bazkide zituzten urtarril erdialdean. Ez da kopuru makala, batez ere, 2013an 1.755 bazkide zituztela kontuan izanez gero. Beraz, esan daiteke duela bost urteko bazkide kopurua bikoiztetik gertu daudela. Urtarrilean gorakada izaten duten galdetuta, zera erantzun dute Ibarrako arduradunek: "Urteko abonua geneukan garaian, bai gertatzen ziren gorabehera handiagoak abenduan eta urtarrilean, baina gaur egun, abonua hileko izanik, ez da halako aldaketa nabarmenik nabaritzen urtarrilean".

Erabiltzaile gehienak euren kabuz joan ohi dira kirola egitera; igerilekura, fitness gelara eta rokodromora, adibidez. Baina kiroldegian bertan antolatzen diren jarduerei dagokienez, igeriketa, zumba eta areto bizikleta dira jende gehien erakartzen dutenak.

Eskoriatzan, ikasleen eragina

Eskoriatzako kiroldegian 1.367 bazkiderekin amaitu dute urtarrila. Batez beste, 518 erabiltzaile dituzte egunero, eta ikastaroetan eskaintzen dituzten 570 plazetatik 398 beteta daude.

Urtarrilean bazkide gorakadarik ez dute igartzen, baina bazkideen aktibitate mailari dagokionez bai, ordea. Euren kasuan, bazkide kopuruaren igoerarik nabarmenena irailean eta urrian izaten dute, ikasturte unibertsitarioaren hasierarekin batera. E

Erabiltzaile gehien pilatzen dituzten jarduerak hauek dira: umeen igeriketa, indoor bizikleta, acquagyma eta zumba, hain zuzen ere.

Elgetan, kirol migrazioa

Elgetako kiroldegian 40 bazkide daude. Bertako dinamizatzaile Etor Garateren arabera, kirolarekiko interesa handitzen ari da herrian, baina instalazioak ez berritzeak eta jarduera berriak ez gehitzeak eragiten dute jendea beste herri batzuetara joatea. "Ez daukagu igerilekurik, eta, hain zuzen, jendeak hori asko baloratzen du".

Antzuolan, negoziatzen

2017ko uztailean kiroldegia ustiatzeko kontratua agortu zen, eta ordutik hona itxita dago. Bi deialdi publiko egin dituzte zerbitzua berriz esleitzeko, baina ez du inork izenik eman. Hori dela eta, deialdi negoziatua egitea erabaki du Udal Gobernuak, eta une honetan hainbat enpresarekin harremanetan ari da.

Aramaion, topera

Berriki, Maider Unda izenarekin bataiatu dute kiroldegia. Irailean gimnasia-gela egokitu zutenetik aktibitate ugari egiten dira bertan: sasoian egoteko gimnasia nagusientzako, pilatesa, GAP, flamenkoa, dantza era yoga. Horrez gain, Pilota Taldekoak, eskola kirolekoak, Ointxe! saskibaloiko talde bat eta Hankalabankako patinatzaileak bertan entrenatzen dira. Aste bitartean ordu bakar baten egoten da libre frontoia –eguaztenetan 20:00etatik 21:00etara–; beraz, oso erabilera maila handia du.

Gatzagan, kiroldegirik ez

Frontoiak betetzen du kiroldegi funtzioa. Eskupilotan, palan eta frontenisean egiteaz gain, rokodromoa era badu, baita boxeoan egiteko zakua ere. Urtean zehar pisu handien hartzen duen kirol ekintza pilota txapelketa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak