Gaueko lehen hiru sariak eskuratu ditu Aitor Arregik eta Jon Garañok elkarlanean sorturiko filmak. Izan ere, Goya Sarien gala ezin hobe hasi du Handia pelikulako lantaldeak, Eneko Sagardoy bizkaitarrak gizonezko aktore berri onenaren saria eskuratu duelako, Altzoko handiaren larruan sartzeagatik. Eskerrak eman dizkie Aitor Arregiri eta Jon Garañori, eta baita Joseba Usabiaga aktoreari ere. "Gorputz arraroei eta nortasun ulergaitzei" eskaini die saria Sagardoyk.
Hurrengo saria Saioa Lara marina-xemeindarrak irabazi du jantzien diseinuagatik, eta ondoren, muntaia onena ere Handiak lortu du. Laurent Dufrechek eta Raul Lopezek jaso dute Goya, eta eskerrak eman dizkiete baita ere zuzendariei.
Soinu onenaren saria ezin izan du irabazi euskal filmak, Veronica pelikulak eskuratu baitu. Hala ere, jarraian gaueko laugarren saria jaso du euskal filmak. Izan ere, Ander Sistiagak produkzio zuzendaritza onenaren saria eskuratu du.
Ondoren, Mikel Serranok zuzendaritza artistiko onenaren Goya irabazi du Handia-n egindako lanagatik. Serranok eskerrak eman dizkie Arregi eta Garañori "beste aukera bat emateagatik"; "zuon talentuagatik nago hemen", gaineratu du Mikel Serranok. Jarraian, argazkilaritza zuzendaritza onenaren saria irabazi du Javier Agirre Erausok. "Zuekin pelikula hau egiteagatik harro nago", esan du Agirrek saria jasotzerakoan.
Zazpigarren saria makillaje eta pelukeria lan onenarena izan da, eta hori ere 'Handia'ko lantaldearendako izan da. Saria Olga Cruzek, Gorka Agirrek eta Ainhoa Eskisabelek jaso dute. "Lan gogorra izan da, eta istorio oso polita egin duzue Jon eta Aitor. Aupa Handia!", esan dute agertokian sarituek.
Hurrengo Goya Jon Serranok eta David Herasek jaso dute, efektu berezi onenen saria, hain zuzen. Eta ondoren, jatorrizko gidoi onenaren saria eskuratu du Aitor Arregi oñatiarrak, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Andoni de Carlosekin batera.
"Beste izendatuekin elkarbanatu nahi dut sari hau ere, eta eskerrak eman behar dizkiot Joni hainbeste tematzeagatik film honekin. Hasieran proiektu hau patata bat zela uste genuen, baina berak konbentzitu zigun apurka. Talde guztiarekin ere elkarbanatu nahi dut saria. Guk paperaren gainean jarri dugu, baina gidoia errodejaean idazten doan gauza bat da, postprodukzioan ere. Haiengatik ez balitz ez ginateke hemen egogo. Eskerrik asko benetan. Azkenik eskerrik asko produktoreei ere, gugan konfiantza jartzeagatik. Eskerrak familiari eta lagunei ere. Amaia, Martin hau zuentzako da. Eskerrik asko", esan du Aitor Arregi zuzendari eta gidoigile oñatiarrak agertokian.
Musika onenaren saria ere 'Handia' pelikulak eskuratu du. Pascal Gaigne musikariak sorturiko soinu banda izan da saritua. Irabazi ahal izan dituen azkenengo Goyak, zuzendari onenarena eta pelikula oneraren izan dira, baina Isabel Coixet zuzendaria eta bere La libreria filma izan dira sarituak.