"Borroka sanorako" gertu, Goyak etxeratzeko asmoz

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko ots. 2a, 09:00

Josemari Goenaga, Aitor Arregi eta Jon Garaño atzo, eguena, Madrilen. Argazkia: Maya Balanya

'Handia' filmaren lantaldea Madrilen da, Espainiako Zinema Akademiak bihar, zapatua, egingo duen sari-banaketa ekitaldirako gogotsu. Lasai daudela diote, eta hamahiru izendapen dituzten arren ez dutela euren burua faboritotzat.

Ikusmin eta ilusio handia dago bihar, zapatua, Madrilen banatuko dituzten Goya sarien inguruan. Zaleen eta adituen kinieletan askotariko iritziak daude. Aitor Arregi oñatiarrak eta Jon Garañok zuzendutako Handia filmak ditu izendapen gehien–hamahiru–, eta Goyen aurrekari diren bestelako sariketetan lortutakoek ere bultzatzen dute Altzoko erraldoia-ren istorioa irabazleen artean iragartzen.

Astelehenean bi sari jaso zituen Moriartiko lantaldeak; oraingoan, Zinema Idazleen Espainiako Zirkuluaren eskutik: Pascal Gaignek musika onenaren atalean eta Eneko Sagardoik, gizonezko aktore berri onenaren kategorian.

Biharko eguna heltzeko deseatzen daudela kontatu dio GOIENAri Aitor Arregi oñatiarrak, eta gaineratu du ez dagoela irabazle faborito argirik. "Bukatzeko deseatzen gaude, nahiko nekagarria delako Madrilera atzera eta aurrera ibiltzea; konpromiso asko daude, polita da, baina nabaritzen duzu mugara heltzen ari zarela. Burbuila baten barruan moduan zaude, jende bera ari gara azkeneko asteetan toki beretan bueltaka. Egoera nahiko martzianoa bihurtzen da, baina ezagun edo famatu asko ezagutzeko aukera izan dugu. Aurten, aniztasun handiko urtea da. Gu ez gara faboritoak; nahiz eta izendapen gehien jaso, beste batzuk dira faborito. Sentsazio horrekin gaude, ez gaudela aurre-aurrean, baina, izendapen asko ditugunez, era sanoan borrokan egiteko gogoz gaudela. Egunotan beste filmetako lantaldeak ezagutu ditugu eta oso giro ona dago gure artean. Lasai gaude, galarako trajeak ere prest ditugu, Donostiako Neu jostundegiak egindakoak".

Familien eta lagunen babesean

Aste osoa Madrilen egin dute Aitor Arregik eta Josemari Goenagak, eta poliki-poliki batzen joan zaizkie lantaldekoak. Biharko ekitaldian kuadrilla polita elkartuko direla aurreratu du oñatiarrak: "Zenbaki handiagoan edo txikiagoan guztion senideak eta lagunak ere etorriko dira. Zenbat izango garen ez dakit zehatz-mehatz esaten, baina galan bertan kuadrillatxoa elkartuko gara; eta, ondoren, galdu edo irabazi, festa bat egingo dugu".

Trueba zinema aretoetan, jaia

Biharko galak bere erreplika izango du Donostian; izan ere, Donostiako zinema aretoek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Handiak 13? jaia antolatu dute Trueba zinema aretoan. 21:00etan hasita, ekitaldi interaktiboa izango dela iragarri dute: "Photocall-a, Handia-ko taldearekin zuzeneko loturak, sariak eta sorpresak izango dira. Sarrerak bi eurotan eskura daitezke Sadecine.com atarian eta leihatilan. Handia-ri gainera, Goyatarako izendapenak dituzten beste euskal ekoizpen eta sortzaileei –Nur eta herensugearen tenplua eta Abracadabra filmak eta Alberto Iglesias konpositoreari– babesa ematea da festaren helburua".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak