Ur-zozoak nabarmen hazi dira Deba ibaian

Miren Arregi 2018ko urt. 24a, 09:56

Ur-zozoa. Argazkia: Iker Novoa.

Hamahiru zenbatu dituzte urtarrilean Deba ibaian; hamabi Debagoienean eta bat Elgoibarren. Kopuru polita dela diote adituek, eta ur-kalitatearen hobekuntzaren ondorio zuzena. Ur-zozoaren errekuperazioa kontsolidatu egin dela uste dute.

Debagoieneko ibaiak garbitzen ari dira eta horren ondorioetako bat da ur-zozoaren ugaritzea. Urtarrilaren 13an Urkuluko eta Aixolako urtegietan eta Deba ibaian egin den kontaketa baten ondorioztatu dute hori, besteak beste. Hain zuzen ere, mundu mailako ur-hegaztien kontaketa egin zen egun hartan. Gipuzkoako kontaketa Itsas Enara ornitologia elkarteak koordinatzen du eta Debagoieneko hezeguneak, berriz, Josemi Devesak, Asier Sarasuak eta Iker Novoak aztertzen dituzte. Modu horretan jaso dituzte Urkuluko eta Aixolako urtegien eta Deba ibaiaren –Aretxabaletatik Elgoibarrerainoko zatia– azken bi hamarkadetako datuak. 

Ur zozo gehiago dago orain

Hain zuzen ere, kontaketa horiekin egiaztatu dute "ur-zozoaren bilakaera positiboa". "2007an detektatu ziren lehenengo aldiz ur-zozoak Deba ibaian egindako neguko kontroletan. Izan ere, 2000tik 2007ra bitartean egindako kontroletan, bat bera ere ez genuen erregistratu", dio Oñatiko Naturzaliak elkarteko Iker Novoak. "2007tik hona, ale gutxi batzuk erregistratu dira –bat eta hiru artean–, baina aurten, gorakada esanguratsua izan da, hamahiru ur-zozo desberdin zenbatu baititugu", erantsi du. Harritu egin ditu gorakada horrek ikerlariak, eta eurendako "sorpresa oso polita" izan dela onartu dute. Datuak ur-zozoaren errekuperazioa kontsolidatu egin dela adierazten duela erantsi du Novoak. Zenbatu dituzten hamahiru urzozo horietatik, hamabi daude Debagoienean eta bat Elgoibarren. Debagoienari berari dagokionez, bi aurkitu dituzte Aretxabaletan, zazpi Arrasaten eta hiru Bergaran.

Erreka nagusira bueltan

Deba ibaiaren uraren kalitatearen hobetzearen ondorio zuzena da ur-zozoaren ugaritzea. "Deba ibaia hamarkadatan zehar erabat kutsatuta egon da eta urzozorik gabe, baina azken urteetan berreskurapen nabaria egon da". Epeleko araztegia ipini izanaren ondorio zuzena da hori, eta, ur-zozoaren gorakada nabarmena, ur kalitatearen hobekuntzaren indikatzaile oso ona. Puntu honetan, Novoak argitu du ur-zozoa ez dela inoiz desagertu Debagoienetik, baina, Deba ibaiaren egoera txarraren ondorioz, "errekasto garbietan babesturik" egon dela urte askotan. "Orain, erreka nagusira bueltatzen ari dela ikusten dugu", dio. 

Ur-zozoa "errekari hertsiki" lotuta bizi den txori bat da. "Errekako zomorroez elikatzen denez, ur kalitate oneko errekak behar ditu bizi izateko", dio Novoak. Hain zuzen ere, hori da Euskal Autonomia Erkidegoan ur-zozoa interes bereziko –espezie mehatxatua– izendapenez katalogatua egotearen arrazoia. 

Kumaldiak, azpiegituretan

Errekan bizi da ur-zozoa; kumaldietarako, baina, gizakiak egindako azpiegiturak erabiltzen ditu. "Hori bai, azpiegitura zaharrak. Hondatuta daudenak, zulotxoak-eta dituztenak. Berrietan ez dute habiarik ipintzen, ez dutelako zirrikiturik". Udaberria iristearekin batera hasiko dira kumaldiak. 

Oñatin ere, erreka gehienetan

Oñatiko Naturzaliak elkarteak 2013 eta 2015 urte bitartean egin zuen Oñatin ur-zozoen gaineko ikerketa bat. Hain zuzen ere, haien jarraipena egin zuten, banaketa eta populazio tamainak aztertu zituzten eta eragiten dizkieten faktoreak identifikatu. "Ondorioa izan zen Oñatiko erreka gehienetan bizi direla, nahiz eta ez dentsitate handian". 2014ra arte, Epeleko araztegia Zubillagako zikinak garbitzen hasi zenera arte, ez zuten auzo horretan ur-zozorik ikusi. Ordutik aurrera, bai. Beste ondorioetako bat izan zen, aipatu bezala, eraikin zaharrak –zubiak, presak, eta abar– aukeratzen dituztela habiak egiteko. Hala izan zen aztertutako kumaldien %92an. 2015ean hamabi bikote aurkitu zituzten Oñatin eta kumaldien %38 galdu egin zen, molestiengatik, harrapakaritzagatik eta beste arrazoi batzuengatik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak