Kooperatibismoa ardatz hartuta, judoa barneratu

Eneko Azurmendi 2018ko urt. 12a, 10:39

Arrasateko Desoreka Judo Klubak badaramatza urte batzuk Judo Koop ekimena lantzen, dinamika kooperatiboen bitartez ikasleek judoa ahalik eta modu zabalenean barneratzeko; orain, ekimen horren zabalkundea aztertzen ari da elkartea.

2012an sortu zen Desoreka Judo Kluba, eta azken lau urteetan Judo Koop izeneko ekimenarekin buru-belarri ari dira. Hezkuntza arlotik hartutako dinamika bat da, eta, denbora honetan, judoan txertatzeko ahalegina egiten ari dira. "Taldea sortu genuenok hezkuntzarekiko sentsibilizazio maila handia dugu eta nire kasuan, behintzat, unibertsitatean eta hortik kanpo egin ditudan lan asko eta asko judoan eta hezkuntzan zentratu dira. Metodologia ezberdinak ikusteaz gain, aztertu ditugu judoa lantzeko erabili izan diren tendentziak kirolaren historian zehar. Hori dela eta, pentsatu genuen judoa dinamika kooperatiboen bitartez barneratzeko baliabide baten beharra zegoela, eta horren emaitza da Judo Koop", azaldu du Markel Urrutiak, Desoreka elkarteko koordinatzaile eta arduradun teknikoak.

Urrutiaren esanetan, dinamika kooperatiboen funtsa da talde lana eta taldeko kide bakoitzak helburu berberak izatea. Hori aintzat hartuta eta konpetentzia digitalak–ordenagailuak, tabletak, eta abar– erabiliz, haurrek judoaren gaineko ahalik eta pertzepzio zabalena izatea da ekimen horren helburua. "Euren artean dinamizatuz, haurrek lortzen dute kirolaren ezaugarriak barneratzea: puntuazio sistema ezagutzea, denbora kudeatzea, zigorrak erabiltzea taktika bat sortzeko... Beraz, iruditzen zaigu baliabide oso interesgarria dela judoa bere osotasunean ulertu ahal izateko", azaldu du Urrutiak.

Zabalkunde prozesuan

Orain arte, talde barruan garatu izan dute ekimena, eta, Urrutiaren arabera, "oso erantzun ona" izan du. "Ikasleek ondo barneratu dituzte judoaren ezaugarriak", adierazi du. Hori kontuan hartuta, taldetik harago zabaltzea da helburua, eta horretarako lehen saiakera abenduaren 28an egin zuten, Aretxabaletan egindako Judo Topaketan –Ermuko Sonkei, Zarauzko Lizardi eta Desoreka izan ziren topaketa hartan–. "Lehiaketa sistema moduan ezartzeko ideia izango bagenu, zein arazo edukiko genituzke? Galdera horri erantzuten saiatzen ari gara. Izan ere, ikusi genuen bestela edukitzen ez ditugun arazo txiki batzuk sortzen direla, antolakuntzari eta baliabideei lotutakoak. Oraindik Aretxabaletako saioaren balorazioa egiten ari gara eta ondorengo aste-hilabeteetan ikusiko dugu modu hau talde barruan bakarrik lantzen jarraitu, hobeto garatzeko, edota zabalkundea ematen hasi, lehiaketa edo txapelketetan", dio Urrutiak.

Desoreka Judo Elkartea

Desoreka Judo Kluba 2012an sortu zen, Aretxabaletan. Debagoienean judoaren egoera zein zen ikusita, bultzada bat behar zuela erabaki zuen gazte talde batek, eta hala sortu zen judo elkarte hori.

Hezkuntzari garrantzi handia ematen dion kluba da. “2012tik hona, pixkanaka taldea osatzen joan da, taldearen filosofia sortzen. Entrenatzaileok formazio askotan egon gara, hezkuntza mailako unibertsitateko ikasketak ere baditugu. Talde tekniko bat ere sortu dugu, hezkuntzarekiko sentsibilizazio maila handia daukana, eta horrek baldintzatzen du klubaren filosofia. Azken finean, helburua da kirolean oinarritutako heziketa proposamen bat egitea, kirola izan dadin baliabide bat haurren heziketa bideratzeko”, azaldu du Markel Urrutiak, Desoreka Judo Klubeko koordinatzaile eta arduradun teknikoak.

Urrutiaren esanetan, errendimendua baino gehiago, prozesua bera da garrantzitsua. “Normalean, kirol guztiek errendimendua izaten dute helburu moduan. Prozesua baloratu beharrean, baloratzen dira emaitza, dominak, gerrikoaren kolorea, txapelketa bat irabaztea, eta abar. Guk, ordea, uste dugu aberasgarriagoa dela prozesuan zentratzea. Filosofia konduktistak emaitza exijitzen duen arren, badaude konstruktibismoan oinarritutako filosofia batzuk, garrantzia prozesuari berari ematen diotenak, eta guk, hori oinarritzat hartuta, gure ikuspegia garatu dugu”.

Gaur egun, 180 kide inguru ditu Desoreka klubak, bailara osoko ikaslez osatuta. Hiru gune ezberdinetan egiten dituzte entrenamenduak: batetik, Erguin eskola publikoan –Arrasate–; Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik seigarren mailara bitarteko ikasleek jasotzen dituzte saioak. Bestetik, Musakola kiroldegian –Arrasate–, lau taldetan banatuta: 4, 5 eta 6 urteko haurrak –motrizitateari eta ezaugarri kognitiboei dagokienez, egokiago daudelako batera, Urrutiaren esanetan–; 7 eta 8 urteko haurrak; 9, 10, 11 eta 12 urteko haurrak; eta azkenik, 13 urtetik aurrerakoak. Eta azkenik, Aretxabaletako kiroldegian ere egiten dituzte entrenamenduak.

Judoa

Mundu mailan, lizentzia kopuruari dagokionez, laugarren postuan dago judoa. “Mediatikoa ez izan arren eta hedabideetan bere lekua ez izan arren, oso kirol hedatua da kontinente guztietan. 1882an sortu zuen, Jigoro Kano japoniarrak. Heziketa fisiko sistema gisa sortu zen, pertsonaren osotasuna landu eta inguruari ahalik eta eragin egokiena egiteko. Kanok hezkuntzarekiko sentsibilizazio handia zeukan, gainontzeko arte martzialekin alderatuta. Haren helburua zen pertsona bere osotasunean lantzea, modu holistikoan”, dio Urrutiak.

Lehiatze mailari dagokionez, adinarekiko eta pisuarekiko egiten da bereizketa eta kirol maila, berriz, gerrikoaren koloreak zehazten du.

1964an, kirol olinpiko bihurtu zen, eta, berdintasunari dagokionez, 1992an, Bartzelonan lortu zen lehenengoz emakumeak judoan lehiatzea olinpiar joko batzuetan. Tokioko Olinpiar Jokoetan –2020– arautegiak bermatu egingo du emakumeek eta gizonezkoek arau berberak izatea, lehenengoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak