Aurreko Gabonekin alderatuta, eskaera %32 igo bada ere, debagoiendarren laguntzari esker beharrezko jostailu guztiak lortu dira, eta ondorioz bukatutzat eman da bilketa.
"Debagoieneko herritar guztiei eskertu nahi dizuegu zuen parte-hartzea", esan du Debagoieneko Gurutze Gorriak. Izan ere, laguntza horri esker lortu da helburua betetzea; oparien %35a herritarrek erositako jostailuen bidez lortu dira eta beste %65a txekeekin erosteko aukera izan dute.
Jostailuak edo txekeak eman dituztenei ez ezik, boluntarioei ere eskertu diete proiektua gauzatzeko egindako lana: "Beraien laguntza ezinbestekoa izan da jostailuak lortzerako orduan zein hauek erosteko dirua biltzen".
Datu zehatzak
Udal bakoitzetik jasotako eskaera guztiei erantzun zaie; honako herriotan banatuta: Eskoriatzan 8, Aretxabaletan 39, Arrasaten 130, Oñatin 45, Bergaran 19, Elgetan 11 eta Antzuolan 4.
Biztanleriaren elkartasunari esker, jarri diren bilketa mahaietan 89 jostailu berri jaso dira eta behar ziren gainontzeko 167 jostailuak, dohaintza eta jostailu-txekeei esker erosi dira. Herritarrez gain, hainbat enpresek ere eman dituzte diru-laguntzak.
Bestalde, Haien Eskubideak Jokoan kanpainan era batean edo bestean parte hartu duten enpresa eta erakundeei ere eskerrak eman nahi izan dizkie Debagoieneko Gurutze Gorriak: "Arrasateko Eroski Hipermerkatuari bere eraikuntzan kanpaina egiten uzteagatik, Mondra Futbol Taldeari, Arrasateko Eskubaloi Taldeari – Ford Mugarri-, ULMA Fundazioari eta Debagoieneko Udaletxe guztiei eta Gizarte Zerbitzuen departamentuei. Baita ere, eskualdeko enpresa txiki eta handiei eman dizkiguten diru-laguntzengatik".